"Iazko erronka gainditzea da aurtengo helburua"

Asier Gonzalez de San Pedro 2026ko martxoaren 26a

Iñaki Bengoetxea Ibai-Ondo Backyard lasterketako koordinatzailea da, Peio Fadriquerekin batera. Bigarren urtea da lasterketa antolatzen dutela, eta herrian ekimenak harrera oso ona izan duela aitortu du. Herritarrei asteburuan Santuenera joateko gonbita egin die.

Zertan datza Ibai-Ondo Backayard lasterketa?

Bigarren urtea den arren, gauza berri bat izan da. Ameriketako Estatu Batuetatik (AEB)
datorren lasterketa erronka bat da, Espainian dagoeneko nahiko lasterketa antolatzen dira backyard modalidadean. 6,7 kilometroko ibilbidea da, eta erronka guztian zehar ibilbidea errepikatu egiten da. Irteera ematen da, eta gehienez ordubete du korrikalariak ibilbidea egiteko, nahi duen erritmora. Buelta bukatzean deskantsatzeko aukera dago, kontuan hartuta orduero hurrengo itzuliari hasiera emango zaiola. Orduero bueltaka hasten dira, eta bat geratzean bukatzen da, baina bakarrik geratzen den horrek itzuli bat egin behar du, berak bakarrik.

Lehengo urtean zenbat ordu izan ziren?

41 ordu izan ziren. Igande eta astelehen arteko gauean bukatu zen. Igande arratsaldetik azkeneko biak ibili ziren lehian ordu pila bat. Igandean gaueko hamabietan bi horietako batek lehia utzi, eta besteak burutu zuen bakarrik buelta, Imanol Alesonek. Guztira 275 kilometro inguru egin zituen.

Aurten, denbora gehiago egitea espero duzue?

Ibilbidea iazko bera eta laua denez, mota honetako lasterketan dabilen jendearentzat buelta asko egiteko aukera ematen die. Buelta kopuruak balio duenez, aurten, printzipioz, iazko erronka gainditzea da. Baina zaila da. Bi edo hiru pertsona egon behar dira, eta eguraldiak lagundu behar du: eguraldi ona egin behar du, hotzik gabe… Dena ondo baldin badoa, agian astelehen goizeko 11etara iristen gara. Horrela izanez gero, 50 ordu izango lirateke. Igandean bazkari herrikoia antolatuko dugu, eta iaz bigarren egin zuenak bazkaltzera geldituko zela esan zigun, baina korrika egiten jarraitzea espero zuela aitortu zigun.

Zenbat partaidek eman dute izena?

124 korrikalari konfirmatuta ditugu, horietatik 20 emakumeak dira. Azken momentuko pare bat baja izan ditugu. Izen-ematea zabaldu genuenean abenduan, itxarote-zerrenda bat zabaldu genuen. Beraz, saiatzen ari gara baja horiek ordezkatzen itxarote-zerrendan daudenekin. Hala ere, ez da oso erraza jende horrek parte-hartzea, horrelako erronka batera astebete lehenago sartzea zaila delako. 120-125 partehartzaile egongo dira asteburuan.

Jende askok eman zuen izena itxarote zerrendarako?

60 pertsonako itxarote-zerrenda osatu genuen. Horiekin harremanetan jartzen ari gara, baina batzuk beste planen bat eginda dutela esan digute edo astebete lehenago abisatzeagatik ez zaiela interesatzen.

Nola eragiten du lasterketak Santuenean?

Lasterketaren oinarria frontoia izango da. Frontoi guztia mahaiez beteko dugu, eta iaz bezala, mahai bat lau korrikalarientzako antolatuko dugu, eta bakoitzak bere aulkia ere izango du. Bakoitzak gauza gehiago ekarri ditzake: arropa, zapatilak aldatzeko, bere trasteak…

Badago arau berezirik?

Arroparen arloan arautegiak ez du ezer aipatzen, bakoitzak eraman dezake nahi duen arropa. Bizpahiru printzipio daude bete behar direnak. Lehenengoa da, laguntzarik ezin dutela jaso, baina laguntza ezin dute jaso ibilbidean zehar. Itzulia bukatzean, frontoiko bakoitzaren txokoan  laguntzaile bat izateko aukera dute. Dortsalaren banaketarekin hasten garenean, korrikalari bakoitzari dortsala emateaz gain, lepoko bat emango zaio haren laguntzailea zein den jakiteko. Laguntzaileak frontoira sartzeko aukera izango du. Bastoiak ere ezin dira erabili, eta lasterketa bakoitzaren esku gelditzen da aurikularrak onartzea ala ez. Gu AEBeko antolatzaileekin harremanetan jarri ginen, eta haiek esan ziguten ondokoarekin solasean joateko zela. Hala ere, lasterketa bakoitzaren esku zegoela, eta guk ez dugu utziko.

Nola antolatzen zarete zuek boluntarioak?

Horretarako Usurbilgo udalak asko lagundu digu. Santuenea ezagutzen duenarentzat, itzuli bakoitzaren hasieran zubia gurutzatu behar dugu, eta hor itxiko dugu. Zubi horretan bost boluntario jarriko ditugu trafikoa kontrolatzen eta korrikalariak igaro diren ala ez jakiteko, soilik, buelta bakoitzaren hasieran. Udaltzaingoak ere etorriko direla esan digute. Zubia bi aldiz gurutzatu eta gero, Santuenean sartuko dira, eta Txokoalde aldera joango dira. Hor ia ez dago trafikorik.
Gainera, lasterkarien babeserako, korrikalarien aurretik eta atzetik bizikletak egongo dira. Atzeko txirrindulariaren lana garrantzitsua da gaua iristen denean, denak orduan sartu direnaren abisua pasa behar digu, baita segurtasunagatik ere. Iaz bi eguneko lasterketa izan zen.

Horrelako lasterketa bat egiteko zenbat boluntario behar dira?

Hasi ginenetik harrera oso ona izan dugu. Sare sozialen bitartez boluntarioek izen-emateko deialdia zabaldu genuen, eta 60 pertsona inguruk izena eman dute asteburuan zehar lana egiteko. Bakoitzaren prestutasuna eskatu genien, eta horren arabera txanda desberdinak prestatzen ari gara. Erantzuna oso ona izan da, eta jendeak egunean bertan txanda errepikatu nahi du. Ordu batzuk deskantsatzera joan behar dira.

Zu donostiarra izanik, nola egiten duzu deskantsatzeko asteburuan?

Lantaldearentzat frontoiaren atzean gunetxo bat dugu eta bertan deskantsatzen dugu. Ostiral arratsaldetik gu Usurbilen bizi gara erronka guztia bukatu arte. Lan asko egin behar da, baina iaz oso ondo pasa genuen eta oso dibertigarria izan zen.

Zuek deskantsua frontoi atzean, eta korrikalariek nola egiten dute?

Azkeneko biak korrika ari zirenean haiei begira egon nintzen igande gauean jakiteko nola egiten zuten lo. Iaz txapeldun gelditu zena ohituta dago ultra trail probak egiten, eta horrelako probetan bi egun egitera iritsi daitezke. Bost edo hamar minutuko loaldiak egiten zituzten. Haiek mikroloak deitzen diete. Horrela funtzionatzen dute haiek. Hiru minutuko abisua ematen dugunean, mugitzen hasten dira hurrengo itzulia hasteko.

Eta korrikalarien laguntzaileek ere nola egiten dute?

Han egoten dira. Gero ere orduak pasa ahala frontoian geroz eta leku gehiago gelditzen da, eta orduan, bakoitzaren hamakak eta antzekoak jartzen dituzte.

Asteburu guztia egon behar dute laguntzaileek ere?

Laguntzaile bakoitzari akreditazioa emango zaio, eta korrikalariaren dortsala azalduko da bertan. Hala ere, akreditazio hori aldatu daiteke pertsonaz; hau da, beti ez da pertsona berdina izan behar akreditazioa daramana, baina bai bakarra. Hori bai kontrolatu nahi dugula, iaz eskuetatik joan zitzaigulako. Hobeto kontrolatu nahi dugu frontoia, eta korrikalarientzat bakarrik utzi.

Zerbait gehitu nahiko zenuke?

Usurbilgo Udalari eskerrak eman nahi dizkiot, eta batez ere NOAUAri. Ia harremanik izan gabe gure gauzak argitaratzen hasi zinetelako. Jendea animatu nahi dugu asteburuan zehar hortik pasatzera, iaz oso giro polita sortu zelako. Ibai-Ondo elkartearen bitartez taberna bat jarriko dugu martxan elkartearen aurrean. Bertan edaria eta janaria izango da.