Abian da amaiera argirik gabeko proba bakar eta berezia. Larunbat goizeko 8:00etan hasi da 2. Ibai- Ondo Backyard erronka Santuenean. Ordurako, auzolanean aritutako antolakuntza taldeak guztia prest zuen auzoko frontoiaren bueltan; parte hartzaileentzako atseden lekua, abiapuntu eta kontrol gunea...
Gogotsu ekin diote parte hartzaileek bigarren edizio honi, lasaitasunez. Izan ere, gogoan izan, jokoan dena ez da ohiko lasterketa bat; erronka baizik, erronka pertsonal handia. 60 minutu dituzte parte hartzaileek antolakuntzak egokitutako 6,7 kilometroko ibilbidea osatzeko. 6,7 kilometroko distantzia hori nazioarte mailako proba honetan ezarritakoa da. Norberak nahi duen erritmoan osa dezake tarte hori, baina ordubete baino lehen egin beharko du, bestela kanporatua izango da.
60 minutu horiek baino lehen frontoira heltzen denak, hurrengo ordubeteko itzulian parte hartu ahalko du. Irudiotan ikus dezakezuen moduan, erritmo lasaiean egin dute lasterkariek Santuenea, Atallu eta erriberatik Txokoalde lotutako ibilbidea.
Ateri hasi dute erronka, baina lehen itzulia euritan amaitu dute. Eguraldi iragarpenari begira, hotza eta euria izango dituzte bidelagun hurrengo orduotan.
Erronka girotua
Argi da noiz hasi den erronka horren bigarren edizioa, baina ezin jakin noiz arte segiko duten erronkako parte hartzaileek, ibilbideari itzuliak ematen. Iaz, 41 orduz aritu zen azken lasterkaria. Aurtengo erronka, 50 orduetara iristea da, baina ikusteke da zer gertatuko den.
Parte hartzaileen artean herrikideak badira, aurpegi ezagun bat baino gehiago ikusi dugu lehen itzulian. Haiekin Euskal Herritik nahiz urrunagotik heldutakoak. Antolatzaileen aurreikuspenen arabera, azkenean 124 lagunek parte hartuko dute bigarren edizio honetan. Haietatik 20 izango dira emakumezkoak eta 104 gizonezkoak. 95 Gipuzkoakoak izango dira, haietatik hamazazpi Usurbilgoak, beste hamar Bizkaia aldetik etorriko dira, sei Nafarroatik. Euskal Herritik kanpotik ere bisitan izango ditugu Santuenea nazioarteko proba mota honen mapan kokatu duen hitzorduan. Izan ere frantziar estatutik sei partaide izango dira, Asturiasko lau, Bartzelonatik beste hiru lagun etorriko dira eta Valentziatik zein Zaragozatik lagun bana.
Erronka girotua izango da. Batetik, igande eguerdirako bazkaria iragarri dute antolatzaileek, boluntario, parte hartzaile eta herritarrekin batera. Aldez aurretik, Santuenea Kultur Elkarteak, haurrentzako tailerrak eta txokolate jana antolatu du larunbat arratsalde honetan, martxoaren 28an, 17:00-19:30 artean auzoan bertan.
Erronka solidarioa
Nork bere buruarekiko lehian jarriko duen erronka hau solidarioa izango da baita. Iaz, antolatzaileen esanetan, "oso harrera ona" izandako janari bilketa egingo da eta jasotakoa, etxerik gabe direnen Caritasen Aterpe harrera-zentrora bideratuko da. Bilketa horretan parte hartu zuten iaz, lasterkariek, boluntarioek eta herritarrek. Aurten ere deialdi hau herri osora zabaldu nahi dute.
Iaz bezala, Afrikako Togoko Foyer Adsis erakundeak eginiko poltsak banatuko dira aurtengoan ere parte hartzaileen artean, eta jasotako laguntza ere haiengana bideratuko da.