2. Ibai-Ondo Backyard

Euria bidelagun, baina erronkan duten onena emateko prest parte hartzaileak

Noaua Aldizkaria 2026ko martxoaren 28a

Bidean da 2. Ibai-Ondo Backyard Santuenean, momentuz, berehala amaitzeko itxurarik gabe.

Abian eta bidean da 2. Ibai-Ondo Backyard erronka, berehalakoan amaitzeko inolako tankerarik gabe. Larunbat goizeko 8:00etan hasi da eta ea noiz bukatzen den. Gehien iraundako azken lasterkariak erabakiko du hori. Gogoan izan, orain arteko marka bakarra, iazko estreinako ediziokoa, Imanol Alesonek finkatu zuela. 41 itzuli eman zizkion duela urtebete, Santuenea, Atallu eta Txokoalde lotutako 6,7 kilometroko ibilbideari. 275 kilometro egin zituen larunbat goizeko 8:00etan hasi eta igande gauerdia pasa arte.

50 ordutara heltzeko gogoa erakutsi dute aurtengo edizioko antolatzaileek. Ea zer gertatzen den. Euria eta hotza dute bidelagun, parte hartzaileek 9:00etan hasi duten bigarren itzuliari lotutako irudiotan ikus dezakezuen moduan. Gogoan izan, 60 minutu baino lehen egin behar dute aipatu ibilbidea orduero, bestela erronkatik kanpo geratuko dira.

Parte hartzaileei begira, itxuraz behintzat, luze jo dezake probak. Aipatzekoa, belaunaldiartekotasuna aurten. Adin tarte oso zabaleko parte hartzaileak bildu ditu abian den erronkak.