Ez dute meritu makala eta erresistentziari dagokionean, ezer gutxi esan daiteke. Albiste honi atxikitako irudiok noizkoak diren esanda, aski da. Larunbat honetan, goizeko 8:00etan abiatu den Santueneako 2. Ibai-Ondo Backyard erronka ez da amaitu egunak ilundu duen honetan.
Hamabigarren itzuliaren amaieratik hamalaugarren biraren hasierara arteko tartean egon gara bertan. Gutxi gorabehera, partaideen erdia oraindik erronkan zebilen bidea argiztatzeko gailuekin Santuenea, Atallu eta Txokoalde arteko 6,7 kilometroko ibilbidea osatzen 60 minutuko tartean.
Erritmo ezberdinetan abiatu, ibilbidean zehar ere hala ibili dira eta bakoitza une ezberdinetan helmugaratu da. Izan da, ordua bidean betetzear izan eta bi minutuko atsedenaldiaren ondotik, hurrengo birari ekin dionik ere.
Animu mezurik ez zaie falta izan parte hartzaileei. Erronkan dabiltzanen artean, herri ordezkaritzarik bada oraindik.
Larunbat hotza egokitu zaie eta euritsua. Iragarpenak ez dira guztiz bete. Arratsalde parterako espero zen euri gehien egitea, baina goiz eta eguerdi partean bota du prezipitazio gehien.
Halere, bistan denez, partaideen erdiak tinko eutsi die baldintza horiei, eta ekimeneko birei segida ematen ari zaie.