Biak ala biak maiatzaren 20an aurkeztuko ditu Usurbilgo Udalak, arratsaldeko 18:30etan Santueneako frontoian. “Auzotarren ekarpenak jasota idatzi dira bi aurreproiektuak”, azaldu dute Udaletik.
Auzo erdiguneari dagokionean, “onartu berri den IUPI Irisgarritasun Unibertsaleko Plan Integralean, Santuenean osatutako Auzo Plana oinarri, urbanizatutako eremua eraberritzeko neurriak jaso dira, hiru fasetan gauzatzeko”. Lehenengo fasea landu dute eta horren baitan, “eskubaloi pistaren eta haur parkearen ondoko errepidea kendu, espaloiak berritu eta plataforma bakarrean bateratuko da, irisgarritasun baldintzak hobetuz. Belaunaldien arteko hartu-emanak bultzatuko dituen proposamenak ere jaso ditu proiektuak”.
Gure Elkartea jubilatuen bilguneko taberna eraberritzeko aurreproiektua ere idatzi du Udalak, auzoko eragileekin lankidetzan, “auzo-zaintzaren begiradatik tabernak nolakoa behar lukeen elkarrekin irudikatzeko”. Lanketa hori Gure Elkartekoekin nahiz Santuenea Kultur Elkartekoekin iazko izandako hartuemanetatik abiatu zen. Izan ere, “agerian utzi zuten tabernaren eredu aldaketaren beharra. Horretarako, obrak egitea adostu zen, eta proiektua idatzi eta obrak esleitu bitarterako taberna kudeatzeko esleipena abiatu zuen udalak udazkenean. Esleipena ohi baino motzagoa zen, eta interesa piztu bazuen ere, azkenik hutsik gelditu zen, eta itxita dago ordutik”.
Hurbildu abian
Proiektua abenduan abiarazi arren, gerora behin-behinean gelditu egin behar izan zutela eta orain, “lanketa komunitarioa abiatua” izan eta banakakoa hasiko duela jakinarazi du Udalak. Aginagan egin bezalaxe, beraz, Santuenean ere Hurbilduz auzo-zaintza egitasmoa martxan du Udalak, Zabalduz kooperatibarekin lankidetzan. “Arreta- eta zaintza-eredu publiko-komunitario berritzailea sortzeko helburuarekin, auzoetako adinekoen beharrei modu eraginkor eta iraunkorrean erantzun nahi die proiektuak”.
Hiru lan-ildo zehaztu dituzte 80 urtetik gorako Santueneako bizilagunak eta haien beharrak ezagutzeko; “beharra eta nahia izanez gero” bakoitzari egokitutako eta berarekin Bizi Planak osatzeko; eta “auzo mailako lanketa komunitarioa egin, auzoko zaintza sareak indartu edota berriak sortzeko aukera aztertzeko”.