Auzo zaintzarako bilgunea izango du Santueneak

Noaua Aldizkaria 2026ko uztailaren 9a

Irudia: Usurbilgo Udala.

Santueneako jubilatuen elkartea, aurrerantzean Hurbilduz auzo-zaintza egitasmoaren baitako bilgunea izan nahi duena ustiatzeko zerbitzuaren kontratazio espedientea onetsi zuen udalbatzak ekainaren 25eko osoko bilkuran; horrekin batera, baita esleipen deialdirako oinarriak ere.

Auzokideekin eta bertako eragileekin lankidetzan, Santuenea bizigarriagoa eraikitzeko bidean, bi erabaki hartu zituen udalbatzak. Batetik, gogoan izan, urteotan eginiko lanketaren baitan, diagnosi bat osatu eta hortik, auzo plan bat egin zuten. Plan horretan aipatzen da, "zaintzen duten espazioen eta ekipamenduen aldeko apustua egiten duen auzoan bihurtu nahi dela Santuenea". Erabat bat dator, Udaletik sustatu nahian dabiltzan zaintza ereduaren eraldaketa estrategiarekin. Santueneako jubilatu elkartea izan dena, etorkizunean estrategia horretan kokaturiko Hurbilduz proiektuarekin lerrokatu nahi du udal gobernu taldeak. Egitasmo horren helburua, "egoera hauskorrean eta bakardade egoeran dauden auzokideen integrazio komunitarioa ahalbidetzea da". Aginagan abiarazitako egitasmoa, Santuenean ere lantzen hasiak dira. "Auzoko eragileek begi onez" ikusi zuten iazko urte amaieran proposamena. Aurten, bilgune hori nola berregokitu adosteko lanketa bideratu dute. Horregatik, elkar zaintzarako espazioa sustatu nahi dutenez, "garrantzia hartzen du lizitazio honetan, jantoki komunitario bat eskaintzeko asmoak", 65 urtetik gorako pertsonei, haien autonomiari, nahi ez diren bakardade egoerei, balizko elikadura defizitei eta haien integrazio komunitarioari erantzungo liokeena. Ondorioz, kudeatzaileak egiteko berria izango du; "auzo zaintza proiektuaren eragile komunitarioa izatea".

Egun, itxita dago bilgune hori. Ahalik eta lasterren berriz irekitzeko, "paraleloki joango dira obrak eta lizitazioa", hiru urterako izango dena, luzagarria izango den arren.

Finantziazio handiagoa hirigintza lanetarako
Bestalde, milioi bat euroko kreditu gehikuntza onetsi zuen udalbatzak. Hortik 400.000 euro Santueneako urbanizazio lanetara bideratuko dituzte. Gobernu taldearen arabera, aurrekontuen lanketan 200.000 euro jasotzeko asmoa agertu zuten, urbanizazio proiektuaren exekuziorako "motz geratuko zela" jakinik. "Artean, exekuzio proiektu hori idazten ari ginenez eta aurrekontu zehatzik ez genuenez, horretan utzi genuen", jakinarazi zuen Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak. Orain, proiektu hori eskuartean dute eta horrekin heldu da aurrekontu zehatza, 600.000 eurokoa. "Ez dugu dudarik proiektu hau estrategikoa dela Santuenearentzat", izan ere, udalbatzak onartutako Irisgarritasun Unibertsalerako Plan Integralean jasotako eskuhartzeetako bat da. "Irisgarritasun baldintzak nabarmen hobetzea ekarriko du, plaza ingurua, errepidea eta parkea kota berdinera ekartzen ditugulako eta etxe arteko aldapan, irisgarritasun baldintzak nabarmen hobetzen dira". Horrez gain, "taberna aurreko gunean kalitatezko espazio publikoa" sortu nahi dute. Izan ere, egungo helduentzako ariketa fisikoa egiteko makinen eremua, belaunaldiartekotasuna sustatzeko eremuan bilakatuko dute. Aldaketarik ezean, uda ostean lanon lizitazioari ekin asmo diote.