Usurbil K.E., 2026-27

Esteban Iribar, Usurbil K.E.-ren kide ohia: "Beti, etxean bezala sentitu naiz"

Noaua Aldizkaria

Usurbil K.E.-ren kide historiko bat gonbidatu zuten, irailaren 5ean Santuenean eginiko 2026-27 denboraldiko aurkezpen ekitaldira; Esteban Iribar. Eskubaloiaren sorrera eta lehen hamarkadetako garapen oparoa gogora ekarri zuen, auzoaren inplikazioa goraipatzearekin batera.

Usurbil Kirol Elkarteak izandako ibilbide eta garapen oparoa hurbiletik bizi izandako lekuko eta protagonistetako bat izan zen, 2026-27 denboraldia aurkezteko eskubaloi taldeen bilguneak larunbatean Santuenean eginiko aurkezpen ekitaldian hitza hartu zutenetako bat; Esteban Iribar hain zuzen.

Aurkezpen ekitaldiko gunea goraipatu nahi izan zuen. "Dakizuen bezala, 1963an sortu zen eskubaloi elkartea Usurbilen. 1969an hasi zen Santuenean, zelai hau ireki zenean, eskubaloia jolasten. Gero, 1990ean igo ginen Oiardo kiroldegira. 21 urte horietan, hasieran, oso maila apaletik hasita, pixkanaka igotzen joan ziren elkartearen ekipoak eta indarra.  Pista honetatik, Santueneatik pasa dira Euskal Herriko talde guztiak. Baita Kantabriatik, Burgostik etorritakoak, hemen jolasten izan dira txapelketetan".

Horri esker, Santuenea eta Usurbil eskubaloiaren mapan kokatu ziren. Bertan izandako neurketak ekarri zituen gogora. "Hemen, partidak kristorenak izaten ziren. Toldoekin dena ixten zen, sarrera kobratzeko. Giro ederra sortzen zen. Jokalari ospetsu asko pasa dira hemendik".

Nabarmendu zuenez, "denek hemen sufritu dute, zer den Usurbilen kontra jolastea. Batzuk irabazi zuten beren partida baina beste askok burua makurtu zuten". 

Zenbait talderen hamarkada haietako balentriak ekarri zituen gogora. "Hiru urtez segidan, Espainiako txapelketara joan zen jolastera hemengo jubenilen taldea, 1971n, 1972an eta 1973an. 1983an, berriz, kadete neskak Gipuzkoako txapeldun eta Espainiako txapelketan. Talde horretan, ia denak Santueneakoak ziren".

"Bejondeizula Santuenea!"
Adibide gisa talde hori hartuta, nabarmendu zuenez, "garai hartan, hemengo ume guztiek eskubaloian jokatzen zuten. Horrek ekarri zuen eskubaloia sustraietaraino sartzea Santuenean, gurasoak ere esku hartzen hasi ziren. Denbora luzez, haiek izan ziren elkartea zuzendu zutenak. Esan liteke, herrigintza bikaina egin zuela eskubaloiak hemen eta auzotarrek ere bai".

Izan ere, denboraldi berriaren aurkezpen tokian, "urte askoan hau izan zen umeentzako jolastokia eta haien jolasa eskubaloia izaten zen, maila guztietan taldeak osatzera iritsi arte". Hala izan zen 1990ean Oiardo kiroldegia ireki bitarte. Halere, gerora, "hau apaldu arren, bere garaian ereindako hazi horek bere emaitzak izaten segitzen du". Santuenean egun dagoen auzo dinamika jarri zuen adibide gisa.

Auzoa erakitakoan, kanpotik bertara bizitzera etorritakoek "bertan integratu eta herrigintzan lan handia egin zutela" nabarmendu zuen Iribarrek. Bera, hamaika urtez aritu zen Santuenean eskubaloia sustatzen. "Beti etxean bezala sentitu naiz. Horregatik, eskerrak bihotz-bihotzez Santueneari. Ikusirik orduan emandako pausoek aurrera segitzen dutela eta bizitza herrigintzan lotuta mantentzen dela, bejondeizula Santuenea!".

"Kirolik politena eta ederrena aukeratu duzue"
Datozen belaunaldiei zer mezu helarazi, horixe galdetu zioten Iribarri. Agintariengana zuzendu nahi izan zuen lehenik, Usurbil K.E.-ren zuzendaritzako kide ohi gisa. "Agintariei laguntza, laguntza eta laguntza" eskatu zien; ez soilik laguntza ekonomikoa, "baizik gertutasuna, enpatia, zenbait garaitan eztabaidak direnean malgutasuna, elkar konpontzea, guztiaren beharra dago eta. Prestatzaile eta monitoreei, lan itzela duzue aurretik, oso gogorra, hartu neurria, erre gabe. Jende asko ikusi dut hemen erretzen, ez dadila hori gertatu. Gazteak hazi eta hezten ari zarete, baina dituzuen balore horiek beti mantendu. Jokalariei zorionak denei. Oso bizkorrak zarete, kirolik politena eta ederrena aukeratu duzue. Gainera, txikitatik hasita, jolasean ustekabean hazi eta heziko zarete, oso balore onekin. Hau talde kirola da, orduan, talde harremana asko landuko duzue. Hori eskatuko dizuet, beti zintzo ibili, zuen buruarekin, zuen taldeko kideekin, baita aurkariekin ere, zuek hobeto sentituko zarete horrela. Gora Santuenea, gora eskubaloia, gora Usurbilgo eskubaloia!".