Usurbil K.E., 2026-27

Agurtzane Solaberrieta, Usurbilgo alkatea: "Klubak sasoi onean helduko dio denboraldi berriari"

Noaua Aldizkaria

Sortzez Santueneakoa izanik, eskubaloiak eta auzoak izandako hartueman estua goraipatu eta elkarteko kideek eginiko ekarpena eskertu zuen Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak, denboraldi berria aurkezteko Usurbil K.E.-k larunbatean antolaturiko aurkezpen ekitaldian.

"Santueneakoa naiz eta ilusio berezia eragin dit, zer eta plaza honetan egitea aurkezpen hau, ordu asko eman ditugulako gure haurtzaroan plaza honetan, auzotarrekin jolasean. Plaza hau zerbait bada, eskubaloiaren plaza delako, eskubaloiaren ikasgela izan delako", Usurbilgo alkateak irailaren 5eko Usurbil K.E.-ren denboraldiko aurkezpen ekitaldi ofizialean gogora ekarri zuenez.

Izan ere, "Usurbilgo eskubaloi klubaren historia ezagutzen dugunok jakin badakigu, ezin dela Usurbilgo eskubaloia ulertu Santuenearik gabe, Santuenea eskubaloiaren plaza eta ikasgela izan delako herrikide ugarirentzat urte askoan zehar, bereziki kiroldegia eraiki aurretik. Eta ezin delako ulertu eskubaloia Santuenearik gabe eta alderantziz, biek ala biek binomio banaezina osatzen dutelako, eta sinbiosi sakona izan dutelako betidanik eta nik uste ere oraindik mantentzen dela sinbiosi hori. Santuenekoa izanik, lehen pertsonan bizi izan baitut harreman hori".

"Auzo kohesiorako elementu giltzarria izan zen"
1963an sortu zen Usurbil K.E. Gerora, Santueneako plaza "eraikitzeak lau urte geroago, bultzada handia eman zion kirol honi. Garai haietan eta ondorengo hamarkadetan, auzoko zein herriko gazte asko erakarri zituen eskubaloiak eta auzoko bizitza sozialean eragin handia izan zuen kirol praktika honek. Plaza hau Gipuzkoan eta esango nuke ere Gipuzkoako herrialdetik kanpo, ikonikoa bihurtu zela eskubaloiaren esparru eta mundu honetan".

Izan ere, "eskubaloiak gure haurtzaroa, nerabezaroa, gaztaroa, familia eta lagun harremanak markatu ditu. Auzo oso baten paisaian, aisialdi ereduan, arkitekturan, espazio publikoan, besteak beste, eragin du. Eta garrantzisuena dena, eskubaloia Santuenean auzo kohesiorako elementu giltzarria izan zen, harrotasuna izateko era bat. Auzo nortasunaren parte da eta esango nuke, halaxe izaten jarraitzen duela. Eskubaloia auzoko oroimen kolektiboan iltzatuta geratu da, iragana izan da, oraina da eta ea etorkizuna ere baden. Etorkizuna izango bada, belaunaldi berriei izan ginena eta klub baten historia kontatzea eta transmititzea badagokigu".

Eskertza
Datorren kirol urteaz mintzatu zen segidan, alkatea. "Esango nuke klubak sasoi onean helduko diola denboraldi berriari. Kategoria askotan taldeak osatzeko gai izan zarete, baina oroz gain nabarmendu nahiko nuke, harrobia lantzeko egiten ari zareten lana. Iaz, eskubaloi eskoletan aritzen diren ehunka haurren topaleku izan zen ia hilabetero Usurbil eta txalotzekoa da aukera hori eskaintzeko atzetik egiten den lana, erabat ikusezina izaten dena".

Lan hori goraipatu nahi izan zuen. "Horregatik, gaurko aurkezpen hau baliatu nahi dut klubaren zuzendaritzan zein entrenatzaile gisa edota arbitro lanetan aritzen diren pertsona guztien lana eskertzeko, zuen dedikazio, eskuzabaltasun eta lanik gabe, gaurkoa ez litzatekeelako posible izango, eta gure haur eta gaztetxoek ez luketelako izango aukerarik kirol hau ezagutu eta kirol honetaz gozatzeko".

Gogora ekarri zuenez alkateak, "herri honetako eskubaloiak, gainera, sona handiko jokalari eta entrenatzaileak sortu ditu, kirol ibilbide oparoa izan dutenak eta dutenak egun ere eta hori bada harrotzeko motiboa. Usurbilek enbaxadore bikainak izan ditu han eta hemen, eta ditu oraindik ere".

Klub bakarrerako bidea
Gainerakoan, Usurbilen kirol bilgune bakarra eraikitzeko abian den prozesuaz ere mintzatzeko tartea hartu zuen Solaberrietak. "Gaurko argazki hau ikusita, beraz, esango nuke, klubaren egoera osasuntsu dagoela maila lehiakorrean baita trantsizio eta egiturazko erronka handiei aurre egiteko prestasunean ere. Nire irudiko kirol klub eta federazioei hausnarketa estrategikoak egiteko garaia heldu zaie, neurri berean ez bada ere, egiturazkoak diren arazoak ari direlako guztiak ere nozitzen; jaiotze-tasen beherakada, jokalari gutxiago, epaile eta arbitro falta, epai judizialak, modu boluntarioan zuzendaritzetan parte hartzeko jende falta, lan administratiboen gorakada, baliabide ekonomikoak lortzeko zailtasunak... Egoera horri aurre egin nahian, Usurbilen gogoeta estrategiko oso garrantzitsua dugu martxan, herriko ia kirol klub guztien artean, eta helburua bada, klub bakarra eratzea. Iazko aurkezpenean, prozesuan parte hartzeko gonbita egin nizuen eta zuek gonbita onartu ez ezik, modu aktibo eta positiboan ari zarete parte hartzen, ekarpena egiten eta hori bada, noski, eskertzekoa. Horregatik milesker eta bejondeizuela".