Usurbil K.E., 2026-27

Hilario Sein, Gipuzkoako Eskubaloi Federazioa: "Asko ikasten da eskubaloian"

Noaua Aldizkaria

Gipuzkoako Eskubaloi Federazioko zuzendaritzako kide Hilario Seinek ere hitza hartu zuen Usurbil Kirol Elkarteak larunbatean, irailaren 5ean, Santuenean eginiko denboraldi berriaren aurkezpen ekitaldian. Klubaren ibilbidea goraipatzeaz gain, kirol jarduera honek sustaturiko baloreak nabarmendu zituen.

"Niretzako zoragarria da ikustea zer nolako familia zareten, zer nolako talde erraldoia eta zer nolako giro polita duzuen. Hori da, azken finean, eskubaloiak lantzen dituen baloreetako batzuk. Ez soilik kirola bera, baizik kirolaren inguruan mugitzen den auzolana, herri-lana, lantaldeak... Horrek ematen dio eskubaloiari halako balio erantsi bat", nabarmendu zuen Seinek, larunbateko aurkezpenean.

Azken urteotako lan politari segida emateko deia egin zion klubari. "Federaziotik gure laguntza eta eskertza guztia hemen ari zareten guztioi, eta hala jarraitzera animatzen zaituztegu", nabarmendu zuen Gipuzkoako federazioko ordezkariak.

"Kirol exijentea da"
Kirol elkartetik galdetu zioten Seini hurbiletik eskubaloia bizi izan gabeko gurasoei zer esango liekeen, bereziki, seme-alabak kirol jarduera honetan hasiberriak dituztenei. "Eskubaloia kirol bat baino gehiago dela. Egia da, kirol exijentea da. Ildo horretan, gorputza fisikoki atal guztietan ondo prestatu behar da, baina lantzen dira ere ume horientzat bizitzan balio bat izango duten beste atal garrantzitsu batzuk", Seinek gogorarazi nahi izan zuenez. Horien artean da "alderdi kognitiboa. Gaur egun, eskubaloia joko intentsiboa da, azkarra eta zentzu horretan, jokalariek ikasi behar dituzte jokoak, jakin behar dute analisi bat egiten partida barruan eta erabakiak hartzen, batez ere".

Horrez gain, alderdi emozionala ere nabarmendu nahi izan zuen. "Asko ikasten da eskubaloian", ziurtatu zuen; esaterako, frustrazio kolektiboa zein indibiduala kudeatzen. Horrekin batera, "irabazten goazenean ere kudeatzen ikasi behar da. Zintzotasunez eta lasaitasunez hori ondo eramaten jakin beharra dago". 

Balore gehiago ere gogora ekarri nahi izan zituen; talde lana edota talde kideak, entrenatzaileak, aurkariak, publikoa errespetatzea. 

Ildo horretan, gurasoek zereginik badutela aitortu zuen. "Gurasoak ere parte aktiboa dira. Jendea behar da lanerako. Eskertzen da lanerako beraien parte hartzea. Ume horren heziketan ere funtsezkoa da".