Denboraldi berriaz mintzatu aurretik, iragandako 2025-26 kirol urtea nabarmendu nahi izan zuen Usurbil Kirol Elkarteko lehendakari Jon Loidik, berak oroitarazi moduan, irailaren 5ean "Usurbilgo eskubaloiaren bihotzean" eginiko aurkezpen ekitaldian. "Bukatu dugun denboraldian, arrazoi ugari ditugu harro egoteko. Lehen taldeak Lehen Nazionalean mantentzea lortu zuen. Kadete mutilak Gipuzkoako txapelketa irabazi, Euskadiko hirugarren eta estatuko 34 talde onenetan sailkatu ziren. Jubenil mutilak txapeldunorde geratu ziren eta kadete mutilekin batera, Euskal Ligara igo ziren. Senior nesken taldean ere goleatzaile nagusietako bat izan dugu ligan. Kadete nesken taldeetan batek kopa irabazi, beste bat kopan txapeldunorde... Ospatzeko gauza asko izan dugu azken denboraldian".
2026-27 denboraldira begira ere "erronka handiak izango ditugu", nabarmendu zuen eskubaloi taldeen bilguneko lehendakariak. "Lehen taldeak Lehen Nazionalean bere lekua sendotzea izango du helburu, beste senior taldeek borrokatu eta igoera hor, ikusmiran izango dute. Kadete eta jubenil mutilek Euskal Ligan mantentzea izango dute erronka. Kadete eta jubenil neskak igoera horregatik borrokatzea izango dute helburu eta txikienek ondo pasa eta eskubaloiko lehen esperientziekin gozatzea".
Elkartea hazi egin dela jakinarazi zuen Loidik. "37 lizentzia berri ditugu, 37 pertsona gehiago klub honetan kirola egiteko, ikasteko eta lagunarteaz gozatzeko".
"Herriarekin batera eraiki nahi dugu gure etorkizuna"
"Herritik. Herriarekin. Herriarentzat" aldarripean egin zuten aurkezpen ekitaldia. Herria izan zuen mintzagai Usurbil K.E.-ren lehendakariak hitza hartutako unean. "Usurbil K.E. herria da. Herriarekin batera eraiki nahi dugu gure etorkizuna. Horregatik, kirolaz haratago, komunitatea eraikitzen jarraitu nahi dugu: eskubaloi eskola martxan jarri dugu, whatsapp kanala sortu dugu, Garagardo Azoka bezalako ekimenak egin ditugu. Aldi berean, beste kirol modalitate batzuekin elkarlanean abiatzeko bidea hasi dugu eta horretan ari gara. Izan ere, guretzat klub bat ez dira taldeak edo partidak bakarrik, pertsonak elkartzeko espazio bat baizik, belaunaldi ezberdinak harremanetan jartzeko lekua eta herriari ekarpena egiteko tresna".
Kirol elkarte ireki baten aldeko apustua berretsi zuen Loidik. "Azken batean, herritik sortutako kluba gara, herriari lotuta gaude, eta herritarrentzat lan egiten dugu, baina ateak irekiak dituen kluba izan behar dugu. Hori izango da gure etorkizuneko erronketako bat eta horretarako, hemen zaudeten guztien beharra dugu; jokalari, familia, entrenatzaile, boluntario, babesle, erakunde eta zaleena".
Gogora ekarri zuenez, "gure talde batzuk usurbildarrekin bakarrik osatu dira. Usurbildik kanpoko jolakalariak ere izango ditugu aurten. Donostiatik, Oriotik, Zarauztik, Lasarte-Oriatik, Urnietatik etorritako jokalariak izango ditugu gure taldeetan. Hori ez dugu mehatxu gisa ikusi behar, aukera gisa baizik. Izan ere, gure helburua argia da; Usurbilgo haurrek eta gazteek Usurbilen bertan eskubaloia praktikatzeko aukera izatea".
Hori bermatzeko "errealitateari begiratu ere egin behar diogu. Jaiotza-tasa baxua da eta ezin ditugu talde guztiak beti usurbildarrekin bakarrik osatu. Horregatik, Usurbildik kanpoko ekarpenak eta inguruko klubekin elkarlana ezinbestekoak izango dira", aurreikusi zuen.
"Batu egin behar dugu"
Proiektuarekin bat eginiko kide izan nahi duen ororentzat "ateak irekiak izan behar ditu" elkarteak, bere esanetan. Kontrako norabidean, gaineratu zuenez, "Usurbilek ere talentua esportatzen du. Gaur egun, Bidasoan, Bera Beran edo Zarautzen baditugu Usurbilen hazitako jokalariak edota entrenatzaileak. Horrek erakusten du harremana bi noranzkokoa dela. Horregatik, guk ingurutik jendea jasoko dugu bai, baina Usurbilek ere inguruko eskubaloiari jokalariak eta entrenatzaileak ematen dizkio".
Aurrera begira, kirol elkarteak aurre egin beharreko arriskurik izan ote lezakeen galdetu zioten lehendakariari; batasuna hausteko arriskua aipatu zuen Loidik. Horregatik, zioenez, "batu egin behar dugu, ez bakoitza bere aldetik joan. Bestalde, beste klubekin elkarte bakarra osatzeko egiten ari garen elkarlanean, denon artean gauzak argi hitz egin eta komunikazioa ondo lantzea beharko dugu, gauzak ondo atera eta arrisku horiek saihesteko".
Amaitzeko, honako mezu hirukoitza helarazi nahi izan zien Loidik aurrean zituenei. "Gozatu bideaz, zaindu elkar eta izan zaitezte harro elastiko hau janzteaz. Gu behintzat, oso harro gaude zuekin".