Usurbil Kirol Elkarteak bigarren urtez segidan, denboraldi berria ofizialki aurkezteko antolaturiko ekitaldian izan zen iaz bezala, larunbateko, irailaren 5eko Santuenean eginiko hitzorduan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zuzendari Roberto Ramajo. Hilabeteotan eginiko lanagatik eta "Usurbilgo eskubaloiarentzat" zein elkartearentzat esanguratsua den lekuan antolaturiko ekitaldira gonbidatzeagatik esker oneko agertu zen. "Urtebete lehenago egondako leku batera itzultzean, egiaztatzeko aukera du orduko erronka, helburuak, ilusioak edo proiektuak gauzatu ote diren edo ez".
Ildo horretan adierazi zuenez, "Usurbil K.E.-k frogatu du badakiela egiten, orainean jarritako ikuspegiarekin baina etorkizunarekiko ikuspegi argiarekin". Izan ere, bere esanetan, "bizitzan bezala, kirolean haztea ez baita soilik irabaztea, proiektua sendotzea, zailtasunak gainditzea, akatsetatik ikasten jarraitzea, aurrera umiltasunez baina anbizioz jotzea da. Denboraldi bakoitzak bere erronkak dakartza; kirol alderdikoak, antolatzaileak, klubeko kide izateko ilusioa bizirik mantentzeko gaitasunari lotutakoak. Garrantzitsuena, desafio horiei konbikzioz aurre egitea da, jakitea beti dagoela hobetzeko tartea".
"Sendotasunak epe luzera oinarria zaintzea dakar"
Usurbil Kirol Elkarteari dagokionean, Ramajoren esanetan, "aspektu bat baldin bada aitortza berezia merezi duena, oinarriarena da, gaztetxoek hemen irudikatutakoa. Klub sendoenak ez dira diru gehiena dutenak. Sendotasunak epe luzera oinarria zaintzea dakar. Izan ere, gaur jolasten hasitako haurrak dira klubaren benetako ondarea. Kirolariak heztea, garrantzitsua da baina pertsonak heztea askoz garrantzitsuagoa. Eskubaloi pistetan taldean lan egiten, aurkaria errespetatzen, galdu eta gero altxatzen, konpromiso kolektiboa baloratzen ikasten da".
Horiek dira Foru Aldundiko ordezkariaren arabera, "kiroletik askoz haratago" gazteek bizitzan bidelagun izango dituzten baloreak. Hain zuzen "horregatik eskertu nahi dut entrenatzaile, koordinatzaile, boluntario, familia eta zuzendaritzako kideen lana. Zuen eguneroko dedikaziorik gabe, ez litzateke posible izango halako proiektua eraikitzea. Askotan zuen lana oharkabean igarotzen da, baina hain zuzen, entrega hori da ahalbidetzen duena kluba hazi eta aukerak eskaintzen jarraitzea".
"Hemen irakasten da eskubaloian jokatzen eta pertsona izaten"
Aurrera begira jarrita zioenez, "klub baten etorkizuna neurtzen da, batez ere" bilgune izateko izaera horretan "eta horrek izaten segi behar du erronka handietako bat eta indarguneetako bat". Izan ere, "klubak aukera du Usurbilentzat erreferente izaten segitzeko, belaunaldi ezberdinak elkartzen diren gunea izateko, auzotarrak, emozioak, ahaleginak eta ilusioak partekatzen dituzten tokia izateko. Kirolak pertsonen arteko loturak sendotzen duten eta komunitate batuagoa, aktiboagoa eta osasuntsuagoa eraikitzen laguntzen duen lekua izateko. Gipuzkoako Foru Aldunditik irmoki sinesten dugu kirolaren eraldatze gaitasunean. Integratzen duten, kidetasun sentimendua osatzen duten eta euren herrietako bizi-kalitatea hobetzen laguntzen duten klubetan sinesten dugu eta Usurbil K.E. horren adibide bikaina da. Horregatik, gaur ekarri zaituzten ilusio berarekin lanean jarraitzera animatu nahi zaituztet, zuen izaerari eta nortasunari eutsi bitartean hazten jarraitzera. Zuen balioak ahaztu gabe hobetzen jarraitzera, erronka berriekin amesten jarraitzera, beti ere harrobia zainduz eta Usurbil osoarentzat topagunea izateko duzuen eginkizuna indartuz".
Datorrena "ilusio, irakaspen eta arrakastaz beteriko denboraldia izatea desio dizuet, baina edozein emaitzen gainetik" gazteei zuzenduta, kirolarekin hazi eta gozatzeko deia egin zien "balore onekin. Eskerrik asko eta denboraldi on guztioi!".
Klubak ondo egiten duen alderdiren bat nabarmentzekotan, eskubaloiaren baina batez ere Usurbil K.E.-k eginiko baloreen irakaspena azpimarratu zuen Ramajok. Hori jo zuen "klub sendoak izatea elitera heltzeko" bidetzat. "Ikusten dugu Bera Beran edo Bidasoan, Usurbilgo oso ordezkaritza ona egon da eta egoten segitzen du elitean eta hori ez da kasualitatez gertatzen, hemen irakasten baita eskubaloian jokatzen eta pertsona izaten".