"Konpromisoa, ahalegina, talde lana eta errespetua", baloreon bueltan ekin dio Usurbil K.E.-k ofizialki 2026-27 denboraldiari. Asteburuan izan da, "klubaren kabia izandako Santuenea honetan" egindako aurkezpen ekitaldi ofizialarekin.
Kirol urte berri honetarako osaturiko taldeak aurkeztu zituzten, "familia argazki" erraldoia ateratzearekin batera. Plazaren erdigunera atera eta hitza hartzen lehenengoak, benjamin neskak izan ziren. Eskubaloiaz "elkarrekin ahalik eta gehien gozatzea, ondo pasatzea" galdegin zieten entrenatzaileek jokalariei. "Eskubaloiak zerbait ona badu, bertan egiten diren harremanak dira", gogorarazi zuten.
Benjamin mutilen txanda izan zen segidan. Bi talde osatu dituzte aurtengoan. Usurbil K.E.-tik aditzera eman bezalaxe, hilabete amaieran lehen topaketa ofiziala izango dute. "Gogoa jarriko dugu entrenamenduetan, torneoetan, ahalik eta gol gehien sartzeko, partidak irabazteko". Bigarren taldean, jokalari gehienak berriak izango dira. Haiei zuzenduta entrenamendu saioen bideratzaileak azaldu zuenez, "eskubaloiaren alderdi oinarrizkoenak irakasten saiatuko gara. Halere, garrantzia handiena talde lanari eta eskubaloiaz gozatzeari emango diogu".
"Gogo asko dugu entrenatzeko"
Alebinek hartu zuten plaza segidan. Nesken ordezkaritzak jakinarazi zuenez, "talde polit bat ateratzea lortuko dugula uste dugu eta horrekin batera, giro on bat sortzea" ahalbidetuko dutela. "Giro hori ikusita jende gehiagok izen-ematea lortuko dugula" irizten diote.
Alebin mutiletan, entrenatzaileen esanetan, "gogo asko dugu entrenatzeko, eskubaloiaz dakigun guztia beraiei erakusteko eta maila pertsonalean beharrezko laguntzarako". Kide berri askoko taldea izango da. Horregatik, ziurtatu zutenez, "asko ikasiko dugu. Ondo pasatzeko gogo handia dugu. Hurrengo urteari begira ea aurpegi berri gehiago ikusten ditugun eta denon artean kluba pixkanaka hazten joaten garen".
Infantil nesketan, erronka aldaketa izango dutela iragarri zuten. "Iaz, oinarrizko gauzak irakasteko aukera izan genuen eta aurten helburu bezala dugu, talde nahiz norbanako mailako trebetasunak hobetzea". Taldean ondo pasa eta gauza berriak ikasteko gogoa azaldu zuten jokalariek.
Infantil mutiletan ere jokalari berriak dituzte nagusi. Ondorioz, elkar ezagutzeko fasean dira egun. "Entrenatzaileok saiatuko gara eskubaloian aurrera egiten joko aldetik eta haien egunerokotasunean eskubaloia gehiago barneratzen".
"Ibilbide honetaz gozatzea"
Kadeteek hartu zuten hitza gero. Nesketan, taldeko giro ona nabarmentzearekin batera, hilabeteotako erronkak zehaztu zituzten: "azken segundura arte dena ematea, errespetuz jokatzea pistan eta pistatik kanpo eta beraien artean talde giroa sustatzea".
Euskal Ligan lehiatuko dira kadete mutilak. "Denboraldi ona egiteko garrantzitsua da liga honetan esperientzia lortzea eta partidez gozatzea". Maila berri honetan, "ibilbide honetaz gozatzea" deitu zieten jokalariei, "aukera polita da eta Euskal Ligan lehiatzea".
Jubenil neskak heldu ziren gero, Santueneako plazaren erdigunera. "Taldeak duen konpromisoa handia da eta giroa oso polita", nabarmendu zuten entrenatzaileek.
Jubenil mutiletan bi talde osatu dituzte denboraldi berri honetan. Bat, Gipuzkoako mailan ariko da, jokalari berriekin. Horregatik, prestatzaileek nabarmendu zutenez, "garrantzitsua izango da taldea egin eta talde giro on bat eraikitzea. Hori eginda, joango gara kirol emaitzen bila. Eskubaloiaz gozatuz eta ikasiz lortuko dugu".
Jubenil mutilen beste taldea Euskal Ligan lehiatuko da. Taldearen giro ona azpimarratuta, jokalarien esanetan, "herriz herri joango gara giro onarekin. Partidak irabazten saiatuko gara". Entrenatzaileen esanetan, "taldeak aurreko denboraldian estatu mailako txapelketara iristea lortu zuen. Aurten, helburu bera jarraituz, partidaz partida eskubaloiaz gozatuz eta asteroko konpromisoarekin, helburu horiek lortzea aukera bat izango da".
"Plazera da ikustea noraino hel zaitezkeen"
Talde helduenen txanda izan zen azkenik. Senior emakumezkoen taldea, 2. Territorial mailan lehiatuko da. Askotan ezkutuan geratu arren, jokalariek ziotenez "guk ere eskubaloiaz gozatzen dugu. "Plazera da ikustea noraino hel zaitezkeen". Horregatik, "animatu zuen beldur eta segurtasun-gabezia alboratzera. Taldean harreman berriak sortu, zuen harremanak estutu, eta eskubaloiaz gozatzea da garrantzitsuena", gogorarazi zuten. Denboraldi berri honetarako bi erronka azpimarratu zituzten. Banakako helburuei dagokienean, "jokalari bakoitzak denboraldi amaieran hasieran ginenak baino hobea izatea eta taldeari dagokionez, entrenamendu eta partidetan aurrerapausoak eman, lehiakorragoak bihurtuz. Bi helburuok beteta, denboraldi amaieran, sailkapeneko goiko postuetan ibiltzeko aukera izango dugu".
Senior gizonezkoetan bi talde osatu dituzte; haietako batek 2. Territorial mailan jokatuko du. Talde berria dute. Taldea osatzeko iazko asmoen ondorioz, "denboraldia amaitzear zela, jokalari batzuk azaldu ginen entrenatzera. Hor ikusi genuen talde polita zela, aurrera atera da azkenean". Entrenatzaileen esanetan, "talde oso berezia da, oso polita. Egurra emango diete denei".
Azkenik, bigarrenez Lehen Nazional mailan jokatuko du senior gizonezkoen beste taldeak. Kapitainaren esanetan, "aurreko denboraldian baino hobeto ibiltzea espero dugu, gure helburu guztiak betetzea eta talde harremana mantentzea gure artean".
Entrenatzaile berria izango du taldeak, Iñigo Moreno. Usurbil K.E.-rekin hartueman estua du aspaldidanik. Eskola Kirolaren garaian heldu zen bertara. "Ikusitakoan Usurbilgo eskubaloia zer familia zen, hementxe geratu nintzen urte batzuetan". Denboraldi berrira begira zioenez, "hasieratik, bai zuzendaritzak eta jokalariek beraiek erakutsi didate duten anbizioa eta pausoa emateko gogo hori", nahiz jakitun den horretarako eguneroko lanak duen garrantzia. "Maila gogorra da", adierazi zuen. Horregatik, hurrengo hilabeteotan aritu beharko dute "ahaztu gabe non gauden, baina ahaztu gabe ere zer lortu nahi dugun".
Eskertza
Usurbil K.E.-tik talde guztiei denboraldi berrirako zorterik onena eta erronka guztiak betetzea desio izan zieten Santueneko aurkezpenean. Talde guztion atzean dagoen lanketa azaleratu eta eskertu nahi izan zuten. "Aitortzarik eta eskertzarik beroena entrenatzaile, delegatu, koordinatzaile eta boluntario guztiei. Eskerrak eman baita ere, hau guztia lortzeko laguntzen duten erakunde, enpresa eta babesle guztiei".