Santueneako jaiak

Blai eginda ekin diete Santueneako festei

Noaua Aldizkaria

Santuenea gogotik bustitako globo gerrarekin abiarazi dituzte aurtengo auzoko festak.

"Ongi etorri infernura" dio apaindutako Santueneko zubiaren ondotik, auzorako sarbidean esekitako pankartak, ospakizunetako eremuon irudiarekin batera.

Infernuko "suak" eman die hasiera aurtengo jaiei, suziri eta petardo burrunbatsuekin, baina berehala blaitu dira festarako gogoz ziren auzokide eta herrikideak. Goitik behera bustita ekin diete aurtengo Santueneako jaiei ere; ohi denez, urte luzez, edizioz edizio sakratu bilakatutako globo gerrarekin.

Festen hasierako suziria jaurtita plazaratu dira eskubaloi plazara ziztu bizian, globoak eskuartean hartu eta parean zutenei jaurtitzera. Emaitza, irudiotan duzue. Belaunaldiarteko festa giro ederrean bilakatu dute hitzordua. Irri artean lehertu dituzte urez betetako puxikak. Harrapaketa ariketa biziko ekintza izan da. Denek nahi zuten ingurua eta ingurukoak busti.

Adi ibili behar izan dute plaza inguruko ikusleek ere. Izan ere, globo gerraren ur zaparradak auzoko bazterrak nahiz ez bustitzeko adi zirenak ere zipriztindu ditu.

Eskubaloiko plazaren eremua gainditu du ekimenak, parte hartzaileak ere handik atera eta gertuko hainbat lagun ere festa giroan inplikarazi nahi izan dute eta. Izan da, ostiral euritsu hau tarteko, norbere babeserako estrategiarik baliatu duenik ere; aterkidun globo jaurtitzailerik ere izan da aurtengoan.