Santueneako jaien bigarren eguna, guztiz jostalaria izaten ari da. Belaunaldi gazteena erakarri du eskubaloi plazara. Bertan kokatu dituzte hainbat puzgarri jauzika aritzeko edota futbolerako baliatzeko. Mahai-jolas hainbat ere kokatu dituzte ondoan, taldean, lagunarte giro lasai eta ederrean aisialdi tarteaz gozatzeko. Izan dira baita, maisutasun handiz, xaboizko burbuilak sortzen aritu direnak.
Haurrei zuzenduriko eskaintza nagusitu da Santueneako festen bigarren egun honetan, larunbat goizean zehar. Tarte hori, buruhandien irteerak aztoratu du. Lasterketa bat baino gehiago eragin dituzte.
Indarberritzeko, azkenik, frontoiko mahaietan bildu dira, etxetik eramandako otordua elkarrekin dastatzeko. Bazkalostean segiko du jaiak, txokolate jan ederrarekin edota Lauburu Usurbilgo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak egingo duen kalejirarekin.