Santueneako jaiak

Auzo osora hedatu du festa giroa Lauburuk bere kalejirarekin

Noaua Aldizkaria

Usurbilgo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak aurtengo azkenaurreko kalejira egin du larunbat honetan, irailaren 19an, Santueneako jaietan.

Amaierara bidean dira udako ospakizunak, nabari da. Izan ere, azkenaurreko irteera zuen gaurkoa Lauburu Usurbilgo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak Santueneko jaietan. Haurrei eskainitako eguna borobiltzeko, arratsaldeko 18:00etan abiatu dira talde argazkia atera ostean, auzoko frontoi ondoko plazatik.

Ohi bezala, dultzaina joleekin batera, jirabiran auzoan barrena joandako Ixabel eta Ixidro erraldoiek gidatu dute kalejira. Atzetik, ohi bezala, nagusiki hainbat haur eta gaztetxo gurasoekin. Beste hainbat, inguruko kaleetan, buruhandiengandik ihesi ibili izan dira. Eskubaloi plazan, bereziki, lasterketa bat baino gehiago eragin dituzte iaz kaleratzen hasitako Usurbilgo ikurra den basurdea, Aginagako Mapileko arotza, aharia, emakumezko errotari gaztea edota Aginagako erriberako angularia.

Buruhandiok, gaztetxoen atzetik aurrera eta atzera lasterka ziren artean, erraldoiek dantza erakustaldi bikainak egin dituzte, Santuenean zehar eginiko kalejirako geltokietan hain zuzen.

Aipatu moduan, aurtengo azkenaurreko bira izan da larunbat honetakoa. Zaletuei zuzenduriko oharra segidan; Lauburu konpartsa Aginagako jaietan irtengo da azken aldiz, 2026. urte honi dagokionean. Hango jaietako Umeen Egunean izango da, hau da, urriaren 10ean, arratsaldeko 18:30etan.