Santueneako jaiak

Bapo elikatu dira jai giroko dastaketa saioekin Santuenean

Noaua Aldizkaria

Ez da jan-edanik falta izan asteburuan Santuenean. Hainbat hitzordu gastronomiko izan dituzte, auzokide eta herritarrak elkartu dituztenak.

Dantza egin, jolastu, mugitu, sortu, lehiatu eta askoz gehiagorako aukera izan da asteburuan zehar, Santueneako jaietan. Halere, askotariko ekintzen artean, indarberritzeko aukera bat baino gehiago izan da auzoan.

Jendetsuak eta esker onekoak izan diren hitzorduak programatu ditu aurtengoan ere jai batzordeak. Izan ere, hainbat otordu,festen gunetik irten gabe dastatu ahal izan dira. Hala, piper, txokolate edota txorizo egosi eder askoa sukaldatu eta zerbitzatu dute festetako antolatzaileek.

Horrez gain, auzokideak bildu ditu igande honetan, irailaren 20an eginiko auzo bazkariak ere. Frontoia bete dute bazkaltiarrek, auzolanean auzoa eraikitzen segitzeko bideraturiko hitzorduan.

Bistan denez, bapo jan eta edan ahal izan da aurtengoan ere, Santueneako jaien asteburuan.