Santueneako jaiak

Zerura begira aho zabalik utzi ditu, azken traka koloretsu eta burrunbatsuak

Noaua Aldizkaria

Azken traka burrunbatsu eta koloretsuarekin borobildu dituzte aurtengo Santueneako jaiak.

Igande iluntzeko 21:00ak jota helduta ilunpean geratu da Santueneako eskubaloi plaza ingurua. Eremu horren bueltan, segurtasun neurriak beteta zain eta zerura begira zen ordurako, auzokide eta herrikide andana.

Ostiralaz geroztik, auzoa ospakizun giro betean izan denez, merezitako amaiera emateko antolatu ohi dute azken traka.

Prestaketa lanez arduratzen da auzokide Moises Andres. Eskubaloi plazan aritu da igande arratsaldean zeregin horietan. Eskubaloi plazan jaurtitako hiru suziriekin eman dio hasiera, segidan etorritako traka koloretsu eta burrunbatsuari. Askotariko forma, abiadura eta koloredun suziriek argitu dute zerua eta zirrarak jota, hara begira zirenen aurpegiak. Ekitaldiak aurrera egin ahala, ikusgarritasuna handiarazi dute gainera.

Amaierako azken traka itzelaren ondotik heldu da bertara joandakoen txalo zaparrada eta une horrekin, aurtengo Santueneako jaien behin betiko amaiera.