Amaierara heldu arren, ez zuten festak agurtzeko gogo handirik igande honetan Santuenean. Xaibor diskofestak, Xabier Zubiaga gernikarrak gogotik astindu du jai giroa auzoko ospakizun asteburuaren azken txanpan. Denetariko kantu ezagunekin eta berak gidaturiko koreografia nahiz ikus-entzuleekiko hurbileko hartueman zuzenarekin, dantza batean jarri ditu festa gunera joandakoak.
Ezaguna da Xaibor inguruotan. Lehendik ere Usurbilgo jaietako Umeen Eguneko arratsalde partea girotu izan du Dema plazan. Berak ekarritako kamioia du bi "solairutako" oholtza, tokian tokiko herritarrekin partekatzen duena; Santuenean, buruhandi bat ere igo da bertara, dantzara.
Belaunaldi gazteenak euskal musika estimatzen duela argi utzi du, egungo bertako nahiz urrunagoko joera eta estilo berriak ere ezagutu eta gustuko dituztela ere bai. Primeran pasa dute haur, gazte eta helduek. Mugimendu bizian agurtu dituzte Santueneako aurtengo jaiak.