Udalbatzaren osoko bilkura

Artzabalen ustiapen eta zerbitzu emakidaren lizitazioko eskaintza onena izendatu dute

Noaua Aldizkaria

Artzabal taberna eta jatetxearen ustiapen eta zerbitzu emakidaren lizitaziora aurkezturiko eskaintza onena izendatu zuen udalbatzak irailaren 24ko osoko bilkuran.

Usurbilgo Gure Pakea elkartearen egoitzako taberna eta jatetxea ustiapen eta zerbitzu emakidaren lizitazioari lotuta, deialdira aurkezturiko eskaintza onena izendatu zuen, irailaren 24ko osoko bilkuran. Eskaintza bakarra aurkeztu da, orain arteko kudeatzailea. Ondorioz, udalbatzak "aurkeztutako eskaintza aztertuta, Igor Gorriti Lizaso S.L.U.-ren proposamena eskaintza bakar eta onena" izendatzea erabaki zuen aho batez iragan asteko saioan.

Aho bateko onespen horrekin batera, errekerimendua egin zitzaion aipatu enpresari "jakinarazpen hau jaso eta hurrengo egunetik kontatzen hasita 10 egun balioduneko epean oinarri administratiboetako 9. klausulan zehazten diren agiriak eta 6.900,00 euroko behin betiko bermea aurkeztu ditzan".

Eskaintza bakarra
Maiatzaren 28ko udalbatzaren osoko bilkuran, prozedura ireki eta arruntaren bidez,  "Artzabal taberna jatetxearen ustiapen eta zerbitzu emakida kontratatzeko" espedientea onartu zuten. Segidan, "iragarkia Euskal Herriko Kontratazio Plataforman eta Europako Kontratazio Plataforman argitaratu zen eta eskaintzak aurkezteko 26 eguneko epea ireki zen". Ekainaren 27ra arte finkaturiko epealdiaren baitan, aipaturiko lizitatzaile bakarra aurkeztu zen.