Santueneako jubilatuen elkartea, aurrerantzean Hurbilduz auzo-zaintza egitasmoaren baitako bilgunea izan nahi duena ustiatzeko zerbitzuaren kontratazio espedientea onetsi zuen udalbatzak ekainaren 25eko osoko bilkuran; horrekin batera, baita esleipen deialdirako oinarriak ere. Biharamunean, "lizitazio iragarkia Kontratatzailearen Profilean argitaratu zen". Eskaintzak aurkezteko uztailaren 22ko 14:00ak arte finkaturiko epealdiaren baitan, "ez zen eskaintzarik jaso".
Ondorioz, "Santuenea auzoko Bilgunea ustiatzeko zerbitzua kontratatzeko lizitazioan eskaintzak
aurkezteko epean eskaintzarik aurkeztu ez denez, lizitazioa hutsik deklaratzea" onartu zuen udalbatzak aho batez, irailaren 24ko osoko bilkuran.
"Egitasmo honen beharrezkotasunean berresten gara"
Bozkatu aurretik, hitza hartzeko udal ordezkariek izandako tartean, EAJ-ren bozeramaile Xabier Otxoak gogora ekarri zuen, lerrootako aipatu deialdiari lotutako baldintzak onartzerakoan, zalantzati agertu zirela jeltzaleak, finantza eta ekonomia azterketarekiko, "ez genuelako argi ikusten bideragarria" izango ote zen. Horren harira, "kontzesioa lizitaziora atera aurretik baldintza-agiriak berrikustea proposatu" zutela dio EAJ-k egunotan helarazitako oharrak. Horregatik, "onartuko dut ez didala harritzen hutsik geratzea". Bere ustez, presazko gaia izanik, "hobeto egin zitekeen". EAJ-k osoko bilkuraren ostean helarazitako oharrean, "aurreikuspen falta" egotzi diote udal gobernu taldeari; "1,33 milioi euroko balioa zuen prozedura uztailaren 22an amaitu zen, eskaintza bakar bat ere jaso gabe". Presazko gaia izanik, "oraindik ez dakigu akatsa non egon den. Lizitazioa egiteko premia bazegoen, konponbideak bilatzeko ere premia bera egon beharko luke”, Otxoaren esanetan.
Adierazpenoi erantzunez, EHBilduren udal gobernu taldetik, alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak hartu zuen hitza. "Orduan esan genuen, proiektu berri bat da, eta kontziente gara arriskatzen ari garela. Baina egitasmo honen beharrezkotasunean berresten gara". Lizitazio deialdi hau hutsik deklaratu ostean, "orain aztertu behar dugu zeintzuk izan diren arrazoiak". Izan ere, "zerbait berria da, gisa honetako bilgunerik ez dago".
Udal gobernu taldetik aurreratu zutenez, "garai hauetan zer nolako espazioak behar ditugun guk proposamen bat egin dugu. Hau gerta zitekeela jakinda ere, horren aldeko apustua egiten dugu". Horrez gain, bai Usurbilen, baita udalerri honetatik kanpo ere jubilatu elkarteak kudeatzeko dauden zailtasunak tarteko, "jubilatu elkarteen eta jubilatu elkarteak biltzen diren guneen inguruko hausnarketa prozesua egitera goaz".
"Auzoak presa du"
Lizitazio deialdi honetan zehar, interesa agertutako telefono dei batzuk jaso zituzten. Udalbatzak hartutako erabakiaren ondotik, "Kontratazio Legeak aukera ematen digu orain, audientzia epealdi formala" zabaltzekoa, "ikusteko zeintzuk diren ez aurkeztearen arrazoiak" eta gero, egoera iraultzeko, "nola erakargarriago egin proiektua". Udal gobernu taldetik argi dute; "gu berresten gara honetan eta ahaleginak eta bi egingo ditugu proiektu hau aurrera atera dadin, gure ustez, auzoak behar duen bilgunea delako. Gaur egungo garaietara, auzo proiektura egokitutako proiektua da".
Presazkoa da egitasmoa, "auzoak denbora daramalako halako gunerik gabe. Auzoak presa du eta guk ulertu eta partekatzen dugu auzoak duen kezka, presa. Horregatik ere udal barruan egin genituen ahaleginak eta bi, ahalik eta azkarren ateratzeko lizitazio deialdia. Guk ere nahiago genuen denbora gehiago hartu, baina ez dago gure esku. Badaude kanpo faktore batzuk eragiten dutenak halako erabakiak hartu beharra eta kasu honetan, auzoan badago ezinegona, kezka eta kezka horri erantzun nahi izan zitzaion". Hortik eratorritakoa da udal gobernu taldeak aipaturiko presa. "Hutsik geratu da, beraz, luzatu egingo da egoera. Pena handia dugu. Orain jakin behar dugu zeintzuk izan diren arrazoiak".
Egitasmo berria izanik, "eskuzabaltasunez eta malgutasunez jokatu behar dugu", nabarmendu zuen alkateak.
EAJ-tik Otxoak gaineratu zuenez, "guk ez dugu proiektua zalantzen jartzen, beharrezkoa dela uste dugu. Harritzen gaituena da, hainbesteko presa bazuen, oraindik arrazoiak ez jakitea". EHBilduri galdegin diote jeltzaleek "ahalik eta azkarren harremanetan jar dadila zerbitzua kudeatzeko interesa izan dezaketen operadoreekin, arazo ekonomikoak, teknikoak edo kontratuari lotutakoak identifika ditzala, eta bermeak eskainiko dituen lizitazio berri bat presta dezala". Santueneak egitasmo honen beharra baduela irizten dio EAJ-k. "Premia bai, baina zorroztasuna ere bai. Izan ere, lizitazio bat berriro egin behar izatea ez da denbora irabaztea: denbora galtzea baizik”.
Solaberrietak iragan asteko osoko bilkuran jakinarazi zuenez, "batzuekin egon gara, ondorio batzuk atera ditzakegu baina hori, orain, prozeduretara eraman behar da. Prozeduraz, lehenbizi, hutsik deklaratu behar da. Plenoari dagokio hutsik deklaratzea. Gero, audientzia epealdi formala irekitzen da", orain arte izandako elkarrizketei formaltasuna emateko. Ondorio horiek udal teknikariaren txosten batean jasoko dira.
Hurbilduz proiektuarekin lerrokatua
Santueneako jubilatuen elkartea, aurrerantzean Hurbilduz auzo-zaintza egitasmoaren baitako bilgunea izan nahi duena ustiatzeko zerbitzuaren kontratazio espedientea onetsi zuen udalbatzak ekainaren 25eko osoko bilkuran; horrekin batera, baita esleipen deialdirako oinarriak ere.
Auzokideekin eta bertako eragileekin lankidetzan, Santuenea bizigarriagoa eraikitzeko bidean, bi erabaki hartu zituen udalbatzak. Batetik, gogoan izan, urteotan eginiko lanketaren baitan, diagnosi bat osatu eta hortik, auzo plan bat egin zuten. Plan horretan aipatzen da, "zaintzen duten espazioen eta ekipamenduen aldeko apustua egiten duen auzoan bihurtu nahi dela Santuenea". Erabat bat dator, Udaletik sustatu nahian dabiltzan zaintza ereduaren eraldaketa estrategiarekin. Santueneako jubilatu elkartea izan dena, etorkizunean estrategia horretan kokaturiko Hurbilduz proiektuarekin lerrokatu nahi du udal gobernu taldeak. Egitasmo horren helburua, "egoera hauskorrean eta bakardade egoeran dauden auzokideen integrazio komunitarioa ahalbidetzea da". Aginagan abiarazitako egitasmoa, Santuenean ere lantzen hasiak dira. "Auzoko eragileek begi onez" ikusi zuten iazko urte amaieran proposamena. Aurten, bilgune hori nola berregokitu adosteko lanketa bideratu dute. Horregatik, elkar zaintzarako espazioa sustatu nahi dutenez, "garrantzia hartzen du lizitazio honetan, jantoki komunitario bat eskaintzeko asmoak", 65 urtetik gorako pertsonei, haien autonomiari, nahi ez diren bakardade egoerei, balizko elikadura defizitei eta haien integrazio komunitarioari erantzungo liokeena. Ondorioz, kudeatzaileak egiteko berria izango du; "auzo zaintza proiektuaren eragile komunitarioa izatea".
Egun, itxita dago bilgune hori. Ahalik eta lasterren berriz irekitzeko, "paraleloki joango dira obrak eta lizitazioa", hiru urterako izango dena, luzagarria izango den arren.
Finantziazio handiagoa hirigintza lanetarako
Bestalde, milioi bat euroko kreditu gehikuntza onetsi zuen udalbatzak. Hortik 400.000 euro Santueneako urbanizazio lanetara bideratuko dituzte. Gobernu taldearen arabera, aurrekontuen lanketan 200.000 euro jasotzeko asmoa agertu zuten, urbanizazio proiektuaren exekuziorako "motz geratuko zela" jakinik. "Artean, exekuzio proiektu hori idazten ari ginenez eta aurrekontu zehatzik ez genuenez, horretan utzi genuen", jakinarazi zuen Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak. Orain, proiektu hori eskuartean dute eta horrekin heldu da aurrekontu zehatza, 600.000 eurokoa. "Ez dugu dudarik proiektu hau estrategikoa dela Santuenearentzat", izan ere, udalbatzak onartutako Irisgarritasun Unibertsalerako Plan Integralean jasotako eskuhartzeetako bat da. "Irisgarritasun baldintzak nabarmen hobetzea ekarriko du, plaza ingurua, errepidea eta parkea kota berdinera ekartzen ditugulako eta etxe arteko aldapan, irisgarritasun baldintzak nabarmen hobetzen dira". Horrez gain, "taberna aurreko gunean kalitatezko espazio publikoa" sortu nahi dute. Izan ere, egungo helduentzako ariketa fisikoa egiteko makinen eremua, belaunaldiartekotasuna sustatzeko eremuan bilakatuko dute. Aldaketarik ezean, uda ostean lanon lizitazioari ekin asmo diote.