
Santuenea Kultur Elkarteak helarazitako argazkiak dituzue segidan. Bertso-afaria egin dute bart, auzoko Ibai-Ondo elkartean. Bertan sukaldaturiko afari ederra dastatu ahal izan dute hitzordura joandakoek. Horrekin batera, noski, afalostean bertso saio ederraz gozatu zuten.
Antolakuntzak aurrez jakinarazi moduan, Maialen Lujanbio, Ane Labaka eta Miren Artetxe aritu ziren bertsotan. Santuenea Kultur Elkarteko kide Onintza Gartzia aritu zen gaiak jartzen. Aipatu bilgunetik helarazitako argazkiotan dituzue, bertso saioko nahiz afariko antolatzaileak eta parte hartzaileak.
Finalaurrekoen atarian
Irailaz geroztik abian den Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa betean gauden honetan, testuinguru horretatik kanpo, lagunarteko bertso saio ederraz gozatzeko aukera izan da bart Santuenean. Gogoan izan, aipatu lehiaketari dagokionean, iragan igandean, hilaren 11n Arabako Agurain herrian eginiko saioarekin amaitu zela lehen fasea. Une horretan, guztiz definitua geratu zen nortzuk igaroko diren hurrengo tartera, finalaurrekoetara hain zuzen. 42 ziren lehiakideak eta hamabazazpi sailkatu dira hurrengo faserako.
Aguraingo saio hartan, Asier Azpiroz Iztueta zubietarra aritu zen bertsotan. Finalaurrekoetarako sailkatu zen. Urriaren 31n Eibarren arituko da bertsotan berriz, arratsaldeko 17:00etan Ipurua kiroldegian.
Azpirozekin batera sailkaturikoen artean dira bart, Santueneko bertso-afariko parte hartzaileak ere. Zubietarrarekin lehiatuko da hain zuzen, Miren Artetxe Sarasola hilaren 31n Eibarren. Lasarte-Oriako Ane Labaka Mayoz ere finalaurrekoetarako sailkatu da. Azaroaren 7ko Gernika-Lumoko saioan parte hartuko du. Azkenik, 2022ko edizioko txapelduna da Maialen Lujanbio Zugasti. Abenduaren 20ko Iruñeako finalean ariko da bertsotan.
Finalaurretarako sarrerak salgai dituzue bertsosarrerak.eus atarian. ETB1 ON kateak zuzenean eskainiko ditu.

