
Euskal Mendizaletasunaren 30. Gala ospatu dute ostiral honetan, urriaren 16an, Arrigorriagan (Bizkaia). Euskal Mendizale Federazioak antolaturiko hitzordua lerrootara dakarkigu, herritar bat saritu dutelako; Moises Andres Zubiria santuenearra. "Zirkuituoak Saria Shebe Peña 2025" jaso du.
Euskal Herriko Iraupen Luzeko Ibilaldien Zirkuituari lotutako saria da. Iazko irabazlea izan da Andres. Berak azaldu digun moduan, Euskal Herri osoko lurralde bakoitzean, gutxienez ibilaldiotako bat egin behar da. "Zortzi eginda finalista zara". Horien artean bozkatuena izan da oraingo honetan, Santueneakoa. Bere sariaren izena Shebe Peña mendizale tolosarraren omenez jarritakoa da.
Aipatu zirkuituen web orrialdeko urteotako sarituen zerrendan ageri da jada, Moises Andres Zubiria. Esteka honetan duzue ikusgai: zirkuitua.com
Gainerako sarituak
Berarekin batera, Euskal Mendizale Federazioak sariok eman ditu:
-Mikel eta Jon Inoriza – Andrés Espinosa, Euskal Mendizale 2026. Inoriza anaiek, alpinista eta eskalatzaile nabarmenek, EMFren urteko aitortza nagusia jasoko dute.
-Oihana Kortazar Aranzeta – Loli López Goñi, Emakume Mendizaleak. Mendiko lasterkariak nazioarteko titulu garrantzitsuak lortu dituen kirol ibilbideagatik jasoko du saria.
-Eñaut Izagirre – Antxon Bandrés, Jarduerarik Interesgarriena. Elgoibarko glaziologoa eta National Geographic Explorer da, eta Patagoniako eta Pirinioetako glaziarren esplorazioan eta ikerketan egindako lanagatik nabarmendu da.
-Baltasar Zapatero eta José Nieto Madrid – Ibilbideari Saria, ex aequo. Mendizaletasunarekin urte luzez izandako lotura eta egindako ibilbidea aitortzeko saria.
-Txema Noval – Euskal Mendizaletasunaren Lagunak. Mendizale amorratua, urte luzez hainbat kirol- eta boluntariotza-ekimenekin lotuta egon da.
Haiekin batera, hitzorduko antolatzaileek Arrigorriagako Club Alpino Padura Mendi Taldea omendu dute bere 75. urteurrenean, baita ehun urte betetako Pyrenaica aldizkaria ere. Hitzordua hain zuzen, aldizkari horren urteroko sariak banatzeko ere baliatu dute. Sarituok izan ditu aurtengo edizioak:
-Pyrenaicaren Blogaren X. Lehiaketako saria: Esther Merino bere "Los dólmenes de Kuartango (Araba)" lanagatik.
-Pyrenaicako XLIII. Mendi Argazkien Lehiaketan, Jose Inazio Izagirrek eskuratu du lehen saria, Betato eta Telera-Partacua udazkenean argazkiarekin; eta José Antonio Ramosek bigarrena, Cultivando bajo los colosos lanarekin.
-Pyrenaicako XLII. Mendi Artikuluen Lehiaketan, Haizea Ramirez eta Unai Razkin izan dira lehen sarituak, 63 eguneko ibilaldia. 8000koen erreinuan barrena lanagatik. Bigarren saria Beatriz Jaureguik jaso du, La vía, no tan verde, del Duero portugués artikuluagatik; eta hirugarren saria, ex aequo, Iván Ruizek, Sanabriako zeharkaldia. Lau eguneko abentura, izotzak moldatutako mendietan zehar lanagatik, eta Karlos Aretxabaletak, Balellaza orratzak. Bisaurin. “Azken poeta” lanagatik.
-Pyrenaicaren Mendeurreneko Kontakizun Lehiaketan, euskarazko lehen saria Eneko Arregik jaso du, Ilunabar arrosak lanagatik; eta gaztelaniazko lehen saria Carlos Gonzálezek, Antoto lanagatik.
-Aldizkariko bi kolaboratzaileren lana ere aitortu da, mendeurreneko “Guztiona, guztiontzat. 1926-2026” lelopean: Arantza Lazurtegui eta Alberto Mella.


