Azaroaren 22tik aurrera

3. Ibai-Ondo Backyard ekimenerako izen-ematea irekitzear

Noaua Aldizkaria

2027ko martxoaren 20ko asteburuan izango den 3. Ibai-Ondo Backyard erronkarako izen-emateko epealdia finkatu dute antolatzaileek. Adi, aurreko edizioen antzera, usurbildarrak lehenetsiko dituzte eta.

Santuenea, Atallu eta erriberatik barrena, Txokoalde lotzen dituen 6,7 kilometroko ibilbidea orduero egitea, nahi den erritmoan. Horixe da Ibai-Ondo Backyard erronkaren gakoa. 2025ean egin zuten estreinakoz, bigarren edizioa aurten. Hirugarrena prestatzeko lanketa betean dira antolatzaileek. Aurreko edizioen antzera, izena emateko epealdia zabaltzear dute, ohar bidez jakinarazi dutenez.

3. Ibai-Ondo Backyard 2027ko martxoaren 20ko asteburuan izango da. Egun horretan hasiko da, noiz amaituko den ordea, ezin jakin. Azken lasterkariak azken itzulia emandakoan bukatuko da.

Herritarrak lehenbizi
Iraupen argirik gabeko proba berezi horretarako orain izango dute izena emateko aukera parte hartzaileek. Antolatzaileen arabera, aurreko edizioen ildotik, bi faseetan egituratu dute inskripziorako deialdia. Hasteko, usurbildarrek izango dute lehentasuna, azaroaren 22tik 28ra. "Fase honetan, Usurbilen erroldaturiko 25 pertsonek izena emateko lehentasuna izango dute, horien artean Santuenea auzoko Ibaiondo elkarteko 5 bazkideek", antolatzaileen esanetan.

Segidan, abenduaren 1ean irekiko da izen-emate orokorra, iluntzeko 21:00etan eta hala segiko du, erronka "hasi baino zazpi egun lehenagora arte edo eskuragarri dauden 100 plazak bete arte".

Izen-ematearen truke, 45 euro ordaindu beharko dira. Inskripzioak helbide honetan bideratu beharko dira: ibaiondobackyard.eus/inskripzioak

Ibilbide bera
Izen-emateko deialdia iragarri aurretik, bigarren edizioa jokatu eta gutxira, iragan apirilean eman zuen jakitera antolatzaileek, noiz izango den erronka horren hirugarren edizioa. Aipatu moduan, 2027ko martxoaren 20ko asteburuan izango da. Aurten izan den gisan, korrikalari bat gelditu arte iraungo du. Zirkuitua ere berdina izango da, eta Santueneako frontoian izango da ekimenaren hasiera eta amaiera lekua, baita korrikalariek atseden hartzeko gunea ere. 

Lehenengo edizioan 41 itzuli egin zituen irabazleak, eta aurtengoan, 44 itzuli egin ditu azken lasterkariak, 154,238 kilometro inguru. Urtez urte, ere handitzen doa partaideen kopurua. Lehenengoan 103 lagunek izen eman zuten, eta bigarrenean, 121 izan ziren korrikalariak. Gainera, aurten 60 pertsonako itxarote-zerrenda izan da.