Ia plaza denak beteak dituzte, antolatzaileen arabera, %84a gutxienez bai, baina guztiak ez. Larunbatera arte, azaroaren 28ra arteko epealdia izango dute Usurbilen erroldaturikoek 3. Ibai-Ondo Backyard erronkan izena emateko. Izan ere, aurreko edizioen antzera, herri honetako biztanleak lehenetsi nahi izan dituzte antolatzaileek deialdi hau egiterakoan.
Oraingo honetan ere, bi faseetan egituratu dute inskripziorako deialdia. Hasteko, usurbildarrek izango dute lehentasuna, azaroaren 28ra arte. "Fase honetan, Usurbilen erroldaturiko 25 pertsonek izena emateko lehentasuna izango dute, horien artean Santuenea auzoko Ibaiondo elkarteko 5 bazkideek", antolatzaileen esanetan.
Segidan, abenduaren 1ean irekiko da izen-emate orokorra, iluntzeko 21:00etan eta hala segiko du, erronka "hasi baino zazpi egun lehenagora arte edo eskuragarri dauden 100 plazak bete arte".
Izen-ematearen truke, 45 euro ordaindu beharko dira. Inskripzioak helbide honetan bideratu beharko dira: ibaiondobackyard.eus/inskripzioak
6,7 kilometro orduero
Santuenea, Atallu eta erriberatik barrena, Txokoalde lotzen dituen 6,7 kilometroko ibilbidea orduero egitea, nahi den erritmoan. Horixe da Ibai-Ondo Backyard erronkaren gakoa. 2025ean egin zuten estreinakoz, bigarren edizioa aurten. Hirugarrena prestatzeko lanketa betean dira antolatzaileak. 2027ko martxoaren 20ko asteburuan izango da. Egun horretan hasiko da, noiz amaituko den ordea, ezin jakin. Azken lasterkariak azken itzulia emandakoan bukatuko da.
Ibilbide bera
Izen-emateko deialdia iragarri aurretik, bigarren edizioa jokatu eta gutxira, iragan apirilean eman zuen jakitera antolatzaileek, noiz izango den erronka horren hirugarren edizioa. Aipatu moduan, 2027ko martxoaren 20ko asteburuan izango da. Aurten izan den gisan, korrikalari bat gelditu arte iraungo du. Zirkuitua ere berdina izango da, eta Santueneako frontoian izango da ekimenaren hasiera eta amaiera lekua, baita korrikalariek atseden hartzeko gunea ere.
Lehenengo edizioan 41 itzuli egin zituen irabazleak, eta aurtengoan, 44 itzuli egin ditu azken lasterkariak, 154,238 kilometro inguru. Urtez urte, ere handitzen doa partaideen kopurua. Lehenengoan 103 lagunek izen eman zuten, eta bigarrenean, 121 izan ziren korrikalariak. Gainera, aurten 60 pertsonako itxarote-zerrenda izan da.
Boluntario bila
Hirugarren edizioa ere auzolanean bideratuko dute antolatzaileek. Jakinarazi duten moduan, "dagoeneko lanean ari gara Ibai-Ondo Backyard-en hurrengo edizioa prestatzen, 2027ko martxoaren 20an eta 21ean izango dena". Laguntzaileak beharko dituzte. Haientzat ere izena emateko epealdia zabaldu dute. "Boluntario gisa parte hartu nahi baduzu, bete ezazu formulario hau", esteka honetan duzuena: 3. Ibai-Ondo Backyard erronkarako boluntarioak