Auzo bizitza hobetzeko hitza hartzera doa Txokoalde

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 4a, 12:44
Txokoaldetarrek irailaren 25ean Udalarekin egindako batzarra. Irudiaren egilea: Usurbilgo Udala.

Auzo bizitza hobetzeko parte hartze prozesua abiatuko dute auzoak eta Udalak, Hiritik At Kooperatibak dinamizatuta, asteazkenean (urriak 9) 19:00etan Akerra Gaztetxea udal eraikinean.

Parte hartze prozesua joan den irailaren 25ean abiatzea adostu zuten auzotarrek eta Udalak. Asteazken honetan abiatuko duten prozesuaren baitan, auzoak dituen beharrak azaleratu eta behar horien aurrean neurriak hartu nahi dira. "Auzotarren kezkak entzun eta horiei irtenbidea ematea da helburua", Udalaren esanetan. 

Parte hartze saioa datozen hilabeteotan bideratuko da eta "tokiko garapenerako estrategiak lantzen dituen Hiritik At kooperatibak" dinamizatuko du. Akerra Gaztetxea udal eraikinean izango dira saioak. Eta hain zuzen, espazio hau proposatua dute udal ordezkariek, "auzotar guztiek erabili, eta, hala, auzoko bizitza hobetzeko" espazio edo tresna gisa. 

Prozesu honen atarian, Udalak berri eman duenez, "aparejadore bat kontratatu zuen, udan, eraikinaren azterketa teknikoa egiteko: ezertan hasi aurretik, huraxe zen eman beharreko lehenengo pausoa, haren esanetan. Emaitzak esku artean joan ziren udal ordezkariak batzarrera, eta espero baino hobeak izan ziren. Eraikina udalak eta auzotarrek bat eginda berregokitzea proposatu zuen alkateak, eta han bildutako auzotarrek bat egin zuten harekin".