Txokoalderentzako Akerra proiektua, aurkezteko prest

Noaua Aldizkaria 2020ko ots. 19a, 11:13

Txokoaldeko bizitza hobetu, auzotarren beharrak identifikatu eta auzoaren etorkizuna diseinatzen aritu dira bizilagunak eta Usurbilgo Udala, Hiritik At Kooperatibak bideratuta udazkenean zehar Akerran egin duten parte hartze prozesuaren bidez. Gaztetxea izandakoa etorkizunean txokoaldetarren bilgunea izatea proposatzen da. Prozesu hartan bildutako ekarpenekin Udalak landua du proiektua, 2020ko udal aurrekontuetan ere egitasmo hau gauzatzeko 200.000 euroko partida bat erreserbatua du. Orain arte egindako lanketa aurkezteko ordua heldu da. Udalak auzotarrekin bilera deitu du otsailaren 26rako iluntzeko 19:30etan aipatu eraikinean, Akerra proiektu berria aurkezteko.

Auzoko bizitza hobetzeko lanketan aritu da Txokoalde udazken partean. Urriaren 23an etorkizunean bizilagunen bilgune izango den Akerra Gaztetxearen egoitzan hasi ziren eraikitzen Txokoalderen etorkizuna, Usurbilgo Udalak deitu eta Hiritik At Kooperatibak dinamizatuko duen parte hartze prozesuarekin.

Belaunaldi arteko topalekuan bilakatu zen Txokoaldeko Akerra Gaztetxea. Auzoaren etorkizunaz hausnarrean aritu ziren auzotar gazte eta helduak, Usurbilgo Udalak deitu eta Hiritik At kooperatibako kideek dinamizatu zuten parte hartze saioan. Prozesu baten abiapuntua izan zen. Auzoko bizitza hobetu nahi da eta horretarako Txokoaldek dituen beharrak azaleratu nahi izan zituzten, eta horiei erantzun, beti ere auzotarrak ardatz hartuta. 

Udalak eta Hiritik At kooperatibak hiru saio proposatu zizkieten txokoaldetarrei udazkenean zehar. Lehenbizi, auzoaren beharrak diagnostikatu eta behar horiei udalaren jabetzakoa den Akerra eraikinetik nola asetu identifikatzen aritu ziren. Hain zuzen, espazio hau proposatu baitu Udalak auzotarren bizitza hobetzeko Txokoaldeko erdigune eta bilgune gisa. Auzoan diren zerbitzuez hausnartu zuten, sumatzen dituzten beharrak eta behar horietatik zeintzuk ase daitezkeen lantzen aritu ziren.

2020ko udal aurrekontuan txertatua
Lehen saioak identifikatutako beharrak kontuan izanda, Akerra Gaztetxeko eraikinaren espazioaren antolaketaz, funtzionamenduaz, kudeaketaz hitza hartu eta erabaki zuten txokoaldetarrek beste bi parte hartze saioetan.

Hiru saioko parte hartze prozesua igarota, hitzorduotan jasotako txokoaldetarren ekarpenak proiektu batean bildu ditu Usurbilgo Udalak. Proiektu hau landu ostean, berriro txokoaldetarrei itzuliko zaie, hobekuntza proposamenak egin ditzaten. "Proiektu xume baina duina egin daiteke", adierazi zien alkate Agurtzane Solaberrietak txokoaldetarrei, lehen saioan. Aurreikusi zuenez, jada 200.000 euroko diru partida bat gorde du udal gobernu taldeak 2020ko aurrekontuetan, Txokoaldeko proiektu hau gauzatzeko. 

Akerra proiektua otsailaren 26an aurkeztuko die Udalak txokoaldetarrei, 19:30etan, urte luzez Gaztetxe izandako eraikinean.

Txirikordaren dinamizatzaileak
Prozesua Hiritik At kooperatibako kideek dinamizatuko dute. Lehendik ere Usurbilen antzeko prozesu gehiagotan lan egindakoak dira. Etorkizunean, Ugartondoko urbanizazio berrian kokatuko den belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioaren, Txirikorda izeneko proiektua diseinatzeko gazteak nahiz adinekoak bildu zituen prozesua dinamizatu zuten iazko urte hasieran.