Txokoaldeko Akerra, gaztetxea eta auzotarren bilgunea etorkizunean

Udazkenean zehar txokoaldearrek udal ordezkariekin batera, Hiritik At! kooperatibak bideratu duen prozesuan, Akerra gaztetxe eta auzotarren bilgunea izatea erabaki dute. 

Udazkenean zehar Udala eta txokoaldetarren artean bideratu duten elkarlan prozesuak lehen emaitza plazaratu du; iragan astean auzoko Akerra eraikinean aurkezturiko proiektua. Urte amaieran eginiko bileretan txokoaldetarren beharretatik abiatuta definitu den egitasmoa dugu, auzoaren eta auzotarren bizi kalitatea hobetzera datorrena.

Udal gobernu taldeko kideek eta prozesua dinamizatu duen Hiritik At! kooperatibako kideek orain arte eginiko lanketaren emaitza aurkeztu zuten duela astebete, orain arte gaztetxe izan den eraikinera joandakoen aurrean. Balantze positiboa egin du Kooperatibak. Adin ezberdinetako 20 bat lagunek parte hartu dute prozesuan zehar.

Gogoan izan, udazkenean zehar, auzotarren beharrak biltzearekin batera, Akerra eraikina txokoaldetarren bilgune izatea proposatu zen. Eraikineko espazioaren antolaketa eta erabileraz, funtzionamendu eta kudeaketaz erabakitzen aritu ziren txokoaldetarrak udal ordezkariekin eta aipatu kooperatibako kideekin batera hiru lan saioetan.

Lanen esleipena udaberrian
Birgaitu eta berritu egingo du Udalak eraikina. Orain arte bezala, aurrerantzean ere gaztetxe izaerari eutsiko dio guneak beheko solairuan. Goikoa aldiz, auzotarren bilgunea izango da, auzotarren erabilerarako. Sortzea erabaki duten auzo elkarteak kudeatuko du. Erabilera anitzeko gunea izango da, komun edota sukalde txiki batekin. Bi solairuak komunikatzeko eskilarak berritu eta igogailua jartzekoak dira.

Proiektuaren lehen xehetasunak plazaratu eta txokoaldetarren ekarpenak biltzeko baliatu zuten joan den asteko bilera. Etorkizunean gauzatuko den proiektuari begira, 2020ko udal aurrekontuetan 200.000 euroko partida jasoa du udal gobernu taldeak egitasmo honetara bideratzeko. Udaletik iragarri dutenez, martxoan itxiko dute proiektua behin betiko. Udaberrian esleitzekoak dira birgaitze lanak.