Ostalaritza hizpide

Zumeta jatetxea: "Geroz eta jende gehiago etortzen da oinez hona”

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 30a, 08:16

Covid19-arekin bizitzea tokatu zaigun lehen hilabeteez, Gertuago egitasmoaz edota aurrera begirakoez aritu da Txokoaldeko Zumeta jatetxeko Begoña Solaberrieta NOAUA!rekin. 

Nola oroitzen duzu martxoko itxiera?
Begoña Solaberrieta: 
Egun batetik bestera izan zen. Guk erabaki genuen ixtea. Ez nuen uste hain luze joango zenik.

Hiru hilabeteko itxierak zer eragin izan du zuenean?
Autonomoak izanda hiru hilabete diru sarrerik gabe. Telebistan iragartzen ziren autonomoentzako laguntzak, baina ez zen ezer iristen. Eta gastu berdinak. Beldurtuta, ezin jakin noiz irekiko duzun, gero zer pasako zen...

Txokoalden biltzeko leku bakarrenetarikoa itxita zen.
Elkartea ere itxita zegoen, parkea ere bai. Aukerarik ere ez besteei galdetzeko zer pasako zen.

Ekaineko irekiera nolakoa izan zen?
Berriolakoak 40 urte daramatzate hemen bazkaltzen. Ekainean ireki genuenean, jangela egokitu genuen; lau eta sei laguneko mahaian lagun bakarra, hamarrekoan 2 lagun, bazkariak 3 txandatan zerbitzatzen aritu gara. Egun erdira jaitsia dugu aforoa, berrogeira. Distantzia ere hazi egin da, lehen mahai batetik bestera 1,5 metro eta orain pertsonen artean gorde behar da 1,5 metroko tartea.

Eta terraza ere baduzue orain.
Oso eskertuak gaude Udalari, terraza jartzeko baimena eman zigulako. Batek baino gehiagok esan digu bazela garaia, behar zela. Esperientzia ona izaten ari da. Jendeak jatea eta dena eskatzen zidan terrazan.

Bezero berriak erakarri ditu zuen terrazak?
Geroz eta jende gehiago etortzen da oinez ibiltzera hona. Jende berria bai baina horrek ez du esan nahi irabazi gehiago, etekin txikia ateratzen diozu terrazari.

Zer nolako negua bizitzea aurreikusten duzue?
Terraza ezin bermatu, badakigu zer eguraldi egiten duen. Egoeraren arabera. Egun batean gauza bat esaten dute, gero hurrengoan kutsatze kasu asko daudela. Oso negu beltza izango dela uste dut, gastuak finkoak dira eta ez baduzu lanik egiten…

Gertuago bezalako laguntza egitasmoak zer iruditzen zaizkizu?
Udaletxearena bikaina iruditzen zait. Bete genituen paperak eta erosketa bonuen bigarren fasean parte hartzen ari gara.