Auzotarren bilgune berria

Txokoaldeko Akerra birgaitzeko lanak abian

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 8a, 08:28

Gaztetxea eta auzotarren bilgunea ere izango da birgaitzen ari diren etorkizuneko Akerra. Gunearen erabilera edota espazioaren antolamendua iaz Udalak antolatu eta Hiritik At kooperatibak bideraturiko parte hartze prozesuan zehaztu zuten txokoaldetarrek.

Etorkizuneko Akerra berreraikitzen hasiak dira Txokoalden. Txokoaldetarrek erabakitako itxura eta erabilera emateko birgaitze lanak abiatu ditu Usurbilgo Udalak. "Delsa Irun SL enpresak egingo ditu, 165.000 euroan (BEZ barne)", Udaletik zehaztu dutenez. Lau hilabeteko tartean amaitzea aurreikusten dute.

Bi egitasmo elkarbiziko dira Akerra eraberrituan. Beheko solairuan, orain arte bezala, gaztetxearen egoitza kokatuko da, goikoa aldiz txokoaldetarren bilgunea izango da etorkizunean, "erabilera anitzerako gunearekin, komun batekin eta sukaldearekin".

Hala erabaki zuten duela urtebete, txokoaldetarrek Usurbilgo Udalak antolatu eta Hiritik At kooperatibak dinamizatu zuen  parte-hartze prozesuan. "Auzoaren beharrak identifikatu, eta behar horiek eraikin horren bidez nola ase ebatzi zuten. Horiek guztiak izan dira exekuzio proiektuaren oinarrian, eta horixe gauzatuko dute abiatu berri diren lanek", Udaletik aditzera eman dutenez.

Txokoaldeko Akerra, gaztetxea eta auzotarren bilgunea etorkizunean
Iazko udazkenean zehar txokoaldearrek udal ordezkariekin batera, Hiritik At! kooperatibak bideratu duen prozesuan, Akerra gaztetxe eta auzotarren bilgunea izatea erabaki zuten. 

Udazkenean zehar Udala eta txokoaldetarren artean bideratu zuten elkarlan prozesuak lehen emaitza plazaratu zuen otsaila amaieran; auzoko Akerra eraikinean aurkezturiko proiektua. Urte amaieran eginiko bileretan txokoaldetarren beharretatik abiatuta definituriko egitasmoa dugu, auzoaren eta auzotarren bizi kalitatea hobetzera datorrena.

Udal gobernu taldeko kideek eta prozesua dinamizatu duen Hiritik At! kooperatibako kideek orain arte eginiko lanketaren emaitza aurkeztu zuten, orain arte gaztetxe izan den eraikinera joandakoen aurrean. Balantze positiboa egin zuen Kooperatibak. Adin ezberdinetako 20 bat lagunek parte hartu zuten prozesuan zehar.

Gogoan izan, iazko udazkenean zehar, auzotarren beharrak biltzearekin batera, Akerra eraikina txokoaldetarren bilgune izatea proposatu zen. Eraikineko espazioaren antolaketa eta erabileraz, funtzionamendu eta kudeaketaz erabakitzen aritu ziren txokoaldetarrak udal ordezkariekin eta aipatu kooperatibako kideekin batera hiru lan saioetan.

Auzo elkartearen osaera
Orain arte bezala, aurrerantzean ere gaztetxe izaerari eutsiko dio guneak beheko solairuan. Goikoa aldiz, auzotarren bilgunea izango da, auzotarren erabilerarako. Sortzea erabaki duten auzo elkarteak kudeatuko du. Erabilera anitzeko gunea izango da, komun edota sukalde txiki batekin. Bi solairuak komunikatzeko eskilarak berritu eta igogailua jartzekoak dira.

Proiektuaren lehen xehetasunak plazaratu eta txokoaldetarren ekarpenak biltzeko baliatu zuten otsaileko bilera. Etorkizunean gauzatuko den proiektuari begira, 2020ko udal aurrekontuetan 200.000 euroko partida jasoa du udal gobernu taldeak egitasmo honetara bideratzeko.