Turismoa

Illunbe Goikoa: "Baimenen baitan ari gara lanean"

Erredakzioa 2021ko mar. 26a, 09:30

Txokoalden, Oria ibaiak eta Usurbilgo auzorik txikienetariko baten xarmak bildutako baso artean kokatuta dago Illunbe Goikoa Landetxea. Leku pribilegiatu horretara hurbildu dira hainbat urtetan familia txikiak oporraldiez gozatzera. Aurtengo urtea ez da, ordea, ohikoak bezalakoa izan. Pandemia garai hauetan egoera nola bizi duten jakin nahi izan du NOAUA!k.

NOAUA! Konfinamendua nola bizi izan duzue? Nolako eragina izan du pandemiak zuen jardueran?

Illunbe Goikoa: Nekazal Turismoan lan egiten dugunon testigantza berdintsua izango da ziur aski. Etapa desberdinak bizi izan ditugu urte osoan zehar neurrien ondorioz, baina orokorrean oso lan gutxirekin ibili gara. Udan zerbait gehiago igo zen, baina uztailerako eginda zeuden erreserbak apurka-apurka ezeztatzen joan ziren. Hala ere, hilabete horretan, azken momentuko erreserbak jaso genituen eta lan egin genuen; baita abuztuan ere. Hortik aurrera ezer ere ez. Erreserbak jasotzen genituen, baina neurriak aldatzen ziren eta herritik atera ezinean geratzen ginenez, erreserbak ezeztatzen ziren. Urtea udako erreserba horiekin egin dugu. Azken orduko erreserbak nahiago ditut, denborarekin eginiko erreserbekin inoiz ez baitakigu zer gertatuko den: neurriak aldatuko diren, ideiaz aldatuko duten… 

 

ILLUNBE GOIKOA

"Oso lan gutxirekin ibili gara azken urte honetan"

 

Laguntzarik jaso al duzue urte luze honetan?

Bai, eskaera batzuk egiteko aukera izan dugu, eta eska genitzakeenak eskatu ditugu eta jasotzen joan gara hilabete batzuetan. Ahal den bezala ari gara ikuspuntu horretan, zerbait ateratzean eskaera egin eta tokatzen denean, jaso.

 

Itxiera perimetrala ezabatu denetik, EAE osoan ibil gaitezke. Aste Santua hortxe dago. Erreserbei dagokienez, igarri al da?

Bai, Euskaditik atera ezingo denez, EAEan mugitu nahi duen jendeak deitu digu eta askoz ere erreserba gehiago jaso ditugu orain arte baino. Guk etxe osoa alokatzen dugu, ez logelaka, baina, hala ere, dei pila bat jaso ditugu. Orokorrean, bikote gazteak haur txikiekin etortzen dira gure etxera, eta zentzu horretan ez dugu aldaketarik nabaritu. Agian lehen, familia nukleo horiek aitona-amonekin etortzen ziren, baina orain familia txikira mugatutako erreserbak dauzkagu neurrien ondorioz. Bai bezeroak eta bai gu baimenen baitan ari gara lanean, eta aldaketaren bat dagoenean neurrien kontu horretan, eragina zuzena da. Egunean egunekoa egiten dugu, ez dago besterik. Ez garai etorkizunera proiektatzen, ez baitu ezertarako ere balio. Nire izaera horrela da, beti izan naiz egunean egunekoa egiten duen horietakoa, eta gisa honetako egoeretan lasaiago egoten naiz.