Txokoargi, txokoaldetarren bilgune berria zabalik

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 27a, 14:37

Txokoargi, Txokoaldeko auzo ekipamendu eraberritua ireki dute larunbat honetan.

"Txokoargi jaio da. Ez dut dudarik urte luzez jarraituko duela auzoa argitzen, berpizten, auzoa bizitzen eta auzoa egiten. Bejondeizuela Txokoalde, eta goza ezazue osasunez", luzatu zien gonbita Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak txokoaldetarrei, larunbat eguerdian garai bateko Akerra gaztetxe eraberrituaren, aurrerantzean Txokoargi izena izango duen auzo ekipamendu berriaren irekiera ekitaldian.

"Hitzik gabe geratu gara hau ikusita", zioen egitasmo honen sorkuntza prozesuan parte hartu duen auzokide Nerea Zinkunegik. Bere esanetan, etapa bat itxi da, eta berri bat ireki. "Txokoargi izeneko auzo ekipamendu edo gune hau daukagu auzotarrek gozatzeko. Ikusten duzue, oso polita, oso elegantea dago. Ia denon artean erabilera polit bat ematen diogun eta auzoa biziberritzen dugun", gaineratu zuen.

Zailtasuna, aukera
240.000 euroko inbertsioa bideratu du Usurbilgo Udalak Txokoargi auzo ekipamendura. 80.000 euroko laguntza jaso zuen Udalak, Eusko Jaurlaritzak landa eremuko auzo ekipamendu berriak sustatu edo daudenak eraberritzeko plazaratzen duen lerrotik. 

Pozik agertu zen Usurbilgo alkatea irekiera honen aurrean. "Bidea ez da erraza izan", zioen, gazitik hasi arren, "amaiera gozoa" izan duela egitasmoak. Eta bidea gozatzeko gakoa, lankidetza izan dela. 

Gogora ekarri zituen, 2019. urte amaieran abian jarritako egitasmoaren nondik norakoak. Nola orduko Akerra Gaztetxean okupak sartu ziren, egoera zail hura ordea aukeran bilakatu eta "gu guztion eskuzabaltasun eta konpromsioari esker Akerra auzo ekipamendu bihurtzeko prozesuari ekin genion".

Hiritik At kooperatibako kideen laguntzarekin parte hartze prozesu bat bideratu zuten, egungo auzo ekipamendua definitzeko. "Auzoaren beharrak, gabeziak, hutsuneak, aukerak eta indarguneak identifikatu eta eraikin hau ekipamendu hau zertarako behar ote genuen pentsatzen hasi ginen, erabilera posibleak zehaztu genituen".

Auzolanean
Irekiera egun hau nahi baino gehiago atzeratu dela zioen Solaberrietak, bizi dugun pandemiagatik. "Asko baldintzatu gaitu udaletxean; tartean udalaren finantziazioa asko murriztu zaigu". Eta ondorioz hainbat inbertsio bertan behera uztea eragin du, ez ordea Txokoaldekoa. "Txokoaldeko auzoarekin hartutako konpromisoa bururaino eraman dugu".

Legealdi hasieratik eta Legealdi Planean jaso bezala, auzoak biziberritzeko finkatua duten lehentasunaren baitan kokatzen du Udalak iragan asteburuko irekiera. "Ez dugu Kaxkoa eta auzoen arteko desberdintasunak asko areagotzerik nahi. Auzoek ere nortasun propioa, ezaugarri, behar eta errrealitate propioak dituzte eta horietan hain zuzen ere saiatzen ari gara arreta jartzen. Komunitatearekin ari gara elkarlanean, izan Aginagan, Zubietan, Kalezarren, Santuenean edo Txokoalden". 

Prozesuon onurak goraipatu zituen alkateak. "Auzoetako sare komunitarioa josi eta belaunaldi arteko harremanak sortzen dituzte. Gaurko argazkia ikusi besterik ez dago, harreman horiek sendotu egiten dituztela. Elkarri entzunez, elkar ezagutzeko aukera ematen digutela. Azken hilabeteotan Txokoalden egin duguna bada horren adibidea".

Txokoargi proiektua horren guztiaren emaitza da udal gobernu taldearen esanetan. "Gure ustez auzoetan garatzen ari garen prozesu hauek, prozesu sozialak dira eta auzoen kohesio sozialean laguntzen dute, bizikidetzan sakontzen, auzo komunitate osasuntsuak, aktiboak, ekintzaileak, konprometituak eratzen laguntzen dute, eta guretzat garrantzitsua dena, udalaren eta auzoen arteko harremanean sakontzen eta elkarlan hori iraunkortzen laguntzen digute".