Txokoaldeko uholdeak airetik

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 15a, 09:57

Jon Manterolak grabatu eta NOAUA!-ri helarazi dion ondoko bideoan, iragan asteko uholdeek Txokoalden utzitako arrastoa ikus dezakezue. Ikusgarria benetan.

Irudi ikusgarriak utzi zizkiguten iragan asteko uholdeek. Errioak berea duen lur eremua bereganatu zuen, botatzen ari zen euri zaparradak irentsi ezinean baitzen. Maila gorria gainditu zuen Oriak abenduaren 10ean. Ohiko zonaldeetan egunerokoan ohikoak dituen ertzetatik irten eta gainezka egin zuen. Urpean utzi zituen Zubieta, Atallu, Santuenea, Txokoalde nahiz Aginaga inguruko erriberak gehienbat. Erriotik gertuen zeuden eraikin bat edo bestean ere ura sartu zen. Txikierdi eta Zubieta arteko bidea ere eten zuten uholdeek.

Aspaldi ikusi gabeko irudiak utzi zizkiguten euri-jasek. Egun haietan ateratako irudien bildumara batu behar dugu albiste honi atxikitako bideoa; Jon Manterola herritarrarena. Minutu bateko ikus-entzunezko honetan, uholdeek Txokoalden utzitako arrastoa ikus dezakezue baina beste ikuspuntu batetik, airetik. Ikusgarria benetan. Lanotan, bideogintzan aritzen da Manterola, ikusi bestela, sarean duen bere txoko propioa. Helbide honetan aurki dezakezue; vimeo.com/jonmant