Telesail baten grabaketa Txokoalden

Noaua Aldizkaria 2022ko mai. 17a, 08:14

2019. urte hasieran Txokoalden grabatutako "Ventajas de viajar en tren" filmaren grabazio egun batean ateratako argazkia.

Grabaziorako "platoan" bilakatuko dute berriz Txokoalde egunotan.

Txokoalde beste behin, grabaziorako eremua. Azken urteotako film edota telesail zenbaiten eszenak grabatu dituzte errio ertzeko auzoan. Kamerak eta fokuak itzuliko dira berriz egunotan. Usurbilgo Udaletik jakinarazi dutenez, telesail bat grabatzekoak dira egunotan Txokoalden; hasteko, maiatzaren 18tik 20ra, eta gero, hilaren 26an eta 27an. "8 eta 10 ordu arteko lanaldiak aurreikusi dituzte".

Grabazio lanok ibilgailuen joan etorrian eragingo dute. Bost egun horietan, "bi aldaketa nagusi antzemango dituzte: aparkaleku nagusiko hainbat plaza gordeko dira telesailaren ekoizleentzat, eta 5-10 minutu arteko trafiko mozketa laburrak egon daitezke", ohartarazi du Udalak. Trafiko mozketez, "eurak arduratuko dira", gaineratu dute Usurbilgo Udaletik.

Telesailak, filmak...
Azken urteotan grabaziorako gune gisa hautatu dute Txokoalde. Iaz telesail baterako eszenak grabatu zituzten. 2019. urte hasieran, "Ventajas de viajar en tren" estatu espainiarreko aktore oso ezagun ugariren parte hartzea izan zuen filma. Aritz Moreno donostiarrak zuzenduriko ikus-entzunezkoan besteak beste, Luis Tosar, Pilar Castro, Ernesto Alterio, Quim Gutierrez, Belen Cuesta edota Macarena Garciak parte hartu zuten.

Zonaldean grabaturiko euskarazko film bat ekoitzi zen 2017an, Txintxua Films-en "Oreina". Oraingoan telesail bat grabatzekoak dira.