Saneamendu lanak

Txokoalde eta Santuenea arteko erriberako bidea itxita urte erdiz

Noaua Aldizkaria 2022ko eka. 3a, 10:18

Erriberako bidea itxita izango da datozen sei hilabeteotan; datorren astelehenetik, ekainaren 6tik hasita, Aginagako saneamendu lanak bideratzeko.

Santueneatik Txokoaldera edota alderantzizko bidea, Oria ondotik, erriberatik egin ohi duenak itxita aurkituko du hurrengo urte erdian. Ekainaren 6tik, datorren astelehenetik aurrera hain zuzen. "Txokoalde eta Santuenea lotzen dituen saneamenduaren kolektorea gauzatzen hasiko dira", berri eman du Usurbilgo Udalak. Bi zatitan bideratu asmo dituzte lanok; "Txokoaldetik gertuen dagoena lehenengo, eta Santuenetik gertuen dagoena, ondoren". Lanen lehen fasean, "jada bereizita dauden Txokoaldeko isuriak jaso eta bertan eraikiko den Hondakinen Uren Ponpa Estazioaren (HUPE) bitartez, Santueneko isuriekin batera, Osinaldeko sistema orokorrera eramango dira". HUPE-aren zeregina Udaletik argitu dutenez, ura maldan gora bultzatzea xede duen mekanismo artifiziala da.

Lanen bigarren fasean, "Aginaga kaxkoko isuriak jasoko dira, eta Aginaga HUPE berritik Txokoaldera eramango dira, Oria ibaia gurutzatuta". Hirugarrenean, "Aginagako erriberan kolektore generala egingo dute, eta kolektore horri hainbat hodi jarriko dizkiote gero udalak egingo duen proiektuaren bitartez etxebizitzetara konektatu eta ur zikinak jasotzeko".

Eremu horretan guztian zehar, "1.100 metro luze hartuko ditu obrak: 400 metro herri-bidea jarraituz eta beste 700 landa eremua hondeatuz". Obra osoaren kostua, 5,4 miloi eurokoa da. 2021eko maiatzean, Añarbek eta URAk sinatutako hitzarmenean du jatorria egitasmo honek. "Hitzarmenaren arabera, Urak-ek kostuen %60 hartuko du bere gain, baita kontratazioa eta obra zuzendaritza ere. Añarbek, berriz, gainerakoa finantzatuko du: %40. Urte amaieran hasi ziren lanean, eta haien arabera, 22 hilabete beharko dituzte dena amaitzeko".

Lanok iraun bitartean, aipatu moduan, Txokoalde eta Santuenea lotzen dituen bidea itxita egongo da oinezko nahiz ibilgailuentzat, "arriskuak saihesteko". Halere zenbait salbuespen finkatu dituzte. "Tarte horretako bizilagunek eta baratzeak dituztenek igaro ahalko dute" soilik. Gainerakoek, San Esteban zeharkatu beharko dute. Kamioiek ere joan-etorriak Txokoaldeko zubitik egingo dituztela berri eman du Usurbilgo Udalak.