"Txokoalderekiko begirunea eskatzen dugu"

Noaua Aldizkaria 2022ko abe. 3a, 12:01

Usurbilgo Udalak eta Txokoaldeko bizilagunek hobekuntza sorta aurkeztu diote, Eusko Trenbide Sareak tren zerbitzuen maiztasuna indartzeko egin asmo duen tunelaren proiektuari.

Eusko Trenbide Sareak (ETS) tren zerbitzuen maiztasuna handitu nahi du; ordu erditik hamabost minutukoa izatera igaro nahi du. Horretarako ordea, 1,2 kilometroko tunel bat eraiki asmo dute Olabarrieta-Illunbe artean, Txokoalde inguruan eta tarte horretan trenbidea bikoiztu, trenek gurutzatu ahal izateko. 30 milioi euroko egitasmoa, eta hiru urteko lanak. "Proiektuaren asmo eta helburuekin bat egiten dugu, egungo tren azpiegitura eta zerbitzua hobetzea dakarrelako eta horrek ere ekarri beharko lukeelako behintzat, garraio publikoaren erabilera areagotzea, baina horretan alde egoteak ez du esan nahi, gaur egun proiektua eta obra bera planeatu den bezala ados gaudenik eta horregatik alegazio ugari aurkeztu ditugu", zioen Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak ostiral honetan Txokoalden egin duten agerraldian.

Udalak eta auzoko bizilagunek batera alegazio sorta aurkeztu dute "hobetzeko asmoz" eta "Txokoaldek merezi du" eta. Argi diote, "Txokoalderekiko begirunea eskatzen dugu, eta Usurbilekiko begirunea ere".

"Gure ekarpenak aintzat hartzeko eskatu nahi diogu ETS-ri"
Ez da Udalak alegazioak aurkezten dituen lehen aldia. "Alegazio hauek aurkeztu izan ditugu bai idatziz eta baita ere ETS-ko arduradun politiko, tekniko eta juridikoekin ere bildu izan gara behin baino gehiagotan baina gure eskakizunak ez dituzte aintzat hartu, ez orain arte bederen eta guretzat bada etsigarria. Udal bezala ulertzen dugu edozein proiektuk udalerriari eta herritarrei nola eragingo dien baloratzea oso garrantzitsua dela, eta horregatik, kasu honetan Txokoaldera jo genuen proiektu honen eta udala prestatzen ari zen alegazioen berri ematera. Auzotarrek bat egin dute gure ikuspegiarekin eta hain zuzen horiek aurkeztera gatoz esan dugun bezala", alkatearen esanetan. 2008an izan zuen lehen aldiz Udalak proiektu honen berri, "Udalaren iritzia eskatu zuten". Duela 14 urteko proiektua da honakoa, "orain zantzu guztiek hala diote, proiektua hori gauzatzeko asmoa duela ETS-k".

Sei hobekuntza aurkeztu dizkiote; bost Udalak eta seigarrena Txokoargi elkartearen izenean, auzoko bizilagunek. "Bat egiten dugu Udalak planteatutako alegazioekin eta Txokoargiren izenean alegazio bat prestatu dugu guk ere eta sinadurak bildu. Jakin badakigu halako obra batek eragina izango duela auzoaren eguneroko bizitzan baina gure ekarpenak aintzat hartzeko eskatu nahi diogu ETSri, Txokoaldek merezi du eta".

Bi helburu betetzeko aurkeztu dute segidan datorren eskakizun sorta; obrek ingurumenean eta txokoaldetarren egunerokoan izango duten eragina gutxitzeko.

ETS-ren proiektuari aurkezturiko hobekuntzak
1-Txokoaldeko sarrera-irteerak hobetzea
Kezka eragiten duen aspaldiko eskakizuna; N-634 errepidetik auzora jaisteko nahiz alderantzizko bidea egiteko sarrera nahiz irteera gunea. "Udalak urteak darama hobetzeko eskatuz". Alternatibak proposatu arren, ez dute erantzunik jaso. EAE-ko errepide planean jasoa dago Txokoalderako sarbidea eta oinezkoen segurtasuna hobetzeko biribilgune bat eraikitzea Galardin, N-634 errepideko gasolindegi parean, "Udalak bere garaian egindako alegazioei esker".

Oraingoz ordea ez da egitasmoa gauzatu eta trenbidea bikoizteko obrek egoera okerragotu dezaketela ohartarazi dute Udalak eta auzotarrek ostiral honetako agerraldian. Lehendik ere ibilgailuen joan etorri handiari, "gehitzen badiogu obra honen ondorioz egunerokoan egongo diren joan etorriak, benetan iruditzen zaigu arrisku egoerak une oro eta etengabe sortuko direla". Ez baita ahaztu behar, Txokoaldekoentzako autobus geltokia Galardin dagoela eta "egunero hamarnaka kamioi ibiliko dira eta gure ustez ez daude gutxieneko segurtasun baldintzak bermatuta". Horregatik, trenbidea bikoizteko lanei ekin aurretik, "egoera horri soluzio bat ematea" eskatzen dute, erakunde arteko mahai bat osatzea galdegin dute, Eusko Trenbide Sarea, foru eta udal ordezkariak eta Txokoaldeko bizilagunak partaide izango dituena.

2-Altzonazko zubia konpontzea
Zubi hau konpontzea eskatu dute. Oria zeharkatu eta Txokoalde Aginagarekin lotzen duen zubia berritzeko milioi bat euroko proiektua eskuartean du Udalak, baina "ate ezberdinak" jotzen aritu arren, "orain arte inork ez du borondaterik agertu Udala laguntzeko" ostiraleko agerraldian Usurbilgo alkateak azaldu zuenez. Ondorioz, Altzonazko zubia egoera onean ez dagoenez, egun 12 tona baino gehiago pisatzen duten kamioiek ezin dute lotune honetatik igaro. Trenbideko proiektu honi begira ere, argi adierazi du alkateak; "zubia konpontzen ez bada, kamioi astunek ez dute bertatik igarotzeko baimenik izango" eta ezingo da noski obra egin, sarbide bakarra baita zubi hau, "Oriotik ezin da irisi tunelera".

Alkateak argitu duenez, Eusko Trenbide Sareak zubia konpontzeko borondatea agertu du ahoz, "tunelaren obra eraikitzeko baldintzak eta baimen guztiak" eskuratutakoan. Ahoz adierazitakoa idatziz jasotzea eskatu dute.

3-Tren pasabidea ezabatzea
Ezabatu edo gutxienez egungo "sistema aldatzeko" eskaera egin dute Txokoalden, proiektuan ez baitzaio gai honi aipamenik egin. Auzoaren eguneroko bizi-kalitatean eragin nabarmena du, gune arriskutsua da eta are arriskutsuagoa bizilagunen segurtasunerako izan daiteke etorkizunean, trenbidea bikoizteko eta tunelaren proiektua gauzatzen denean, tren maiztasuna areagotzen badute. "Honi soluzio bat ematea exijitzen dugu, alternatiba bat eskaintzea".

4-Obrarako bide alternatiboa eta etorkizuneko bidegorria
Tunelaren obretara joan etorriak egiteko bide alternatibo bat egokitzea eskatu dute, "trenbidea gurutzatu aurretik, aparkalekutik, trenbidearen paralelo eta erriberatik". Proiektuak aurreikusten duena baino aukera jasangarriago, seguruago, teknikoki errazago eta merkeagotzat jotzen dute.  Hartara, lanean ari diren artean Txokoaldek pairatu dezakeen eragina "nabarmen murriztuko litzateke". Sarbide alternatibo hau baliatuta, trenbidea ez lukete zeharkatu beharko kamioiek, bizilagunen bidea ere ez lukete erabili behar izango eta ez lukete zeharkatuko "Guardetxea, Irisasi eta Illunbe baserriak". Eta bi tren pasagune ezabatuko lirateke. "Lursailetarako sarbideak ez luke trenbidea zeharkatuko", sarbide "egokiago eta seguruagoa izango lukete lurjabeek".

Bide alternaibo hau bizikleta bide gisa erabili ahalko litzateke etorkizunean. "Modu horretan Usurbilen, Santueneatik Olabarrietarainoko bidegorria lotu ahal izango litzateke. Beraz, obrarako egin beharko litzatekeen bideak bidegorri izaten bukatu beharko luke obraren amaieran". Hain zuzen agerraldian gogorarazi dutenez, "tunelaren lanek lotura zuzena dute 2013an Gipuzkoako Batzar Nagusiek behin behingoz onartutako Gipuzkoako bizikleta bideen lurraldeko arloko planarekin". Trenbidearen trazatua berrerabili nahi dute bizikleta bidea egiteko "eta modu horretan Usurbil eta Orio lotu". Horregatik, diotenez, "dei egiten diegu bi erakundeei, ETS-ri eta Gipuzkoako Foru Aldundiko mugikortasun departamenduari modu koordinatuan aritu daitezela eta tuneleko obrak baliatu ditzatela, jarraian bidegorriaren proiektuari ekiteko". 

Egin asmo dutena astakeria dela deritzote. "Eskuartean dugun proiektuak aurreikusten duen bidea da tren pasabidea gurutzatu, tren geltoki eta Illunbe baserritik barrena iristea obrara. Gure ustez, aukera hau astakeria galanta da, bai segurtasunaren ikuspegitik kamioiak auzora sartzea suposatzen duelako eta bira egiteko nahikoa leku ez dagoelako. Pisu handiko ibilgailuentzako ez da egokia, biraketa erradio oso estua luke. Bost metroko zabalera duen bidea proiektatzen dute eta horrek ingurua txikitzea ekartzen du".

Eta auzoari nabarmen eragingo lioke. "Apeaderoaren parean bidea oso estua da, eta dimentsio handiko ibilgailuak pasatzeko arazoak aurreikusten dira. Illunbe baserria, lehentasunezko interesa duen ondasun higiezin bezala kalifikatua, kaltetua suertatuko litzateke, obrarako sarbidea litzatekeen bidearen zabalera etxe atariraino iristen delako. Guardetxe parean, interes etnografikoa duten mugarriak eta natur interesa duen haritza dago".

5-Geltokia berreskuratzea
Trenbidean gauzatu nahi duten proiektuak ahalbideratuko lukeelako, tren geltoki zaharra berreskuratzea eskatu dute, "Txokoaldeko eta Aginagako bizi baldintzak hobetu eta autoarekiko dagoen ezinbesteko dependentzia murrizteko". Geltokia, eta noski, tren zerbitzua bera berreskuratzea galdegin dute. "Ez dugu eskatzen maiztasun guztietan trena geratzeko, baizik eta ordu jakinetan. Txokoaldeko auzotarrek obra honekin sufrituko dutena asko da eta giza legezkoa ere bada, konpentsazio moduan bada ere neurri hau hartzea, Txokoaldeko bizilagunen mesedetan". 

6-Ingurumen eragina murriztea
Eskaera honi begirako zenbait neurri proposatu dituzte. "Esaterako, ekialdeko tunelean, jarduketa azalera ahalik eta gehien mugatzeko eskatzen dugu eta neurri zuzentzaile moduan, hango ekosistema lehengoratzea eta kontserbazio neurriak hartzeko. Bertan baso misto bat birlandatzeko ere eskatzen dugu eta errekastoko altzadi kantauriarra sustatzeko, modu horretan, bertako ekosistema naturalizatu eta Natura 2000 sarearekin lukeen konektagarritasun ekologikoa ere hobetuko litzatekeela uste dugu". Hori ekialdeko tunelean, mendebaldekoan "dauden hezeguneak kontuan hartuz, eskatzen duguna da hezeguneen babeserako lurzoru ez urbanizagarri berezian eta interes naturalistiko handia duten eremu batean kokatzen denez, bestelako alternatiba batzuk aztertzea".

Alternatiba zehatzik ere proposatu dute; "aztertzea ea trenbidea eremu horretan lurperatuta igaro daitekeen, gure aburuz alternatiba hau kontutan hartu beharko litzateke. Eta alternatiba hori ezinezkoa balitz, eskatzen duguna da egungo zubiak hezegunean izango duen eragina ahalik eta gehien murriztea, Oria ibaia eta hezegunearen arteko konektagarritasuna hobetu ahal izateko. Mendebaldeko tunelaren sarbidean dagoen hariztia gainera, balio ekologiko nabarmenekoa da, eta inpaktua ahalik eta gehien murriztu beharko litzatekeela ulertzen dugu".