Behoria Garbia jarduerak jasangarritasuna eta kirola uztartuko ditu

Noaua Aldizkaria 2023ko urr. 17a, 17:22

Begi Bistanek Behoria Garbia ekimena antolatu du Oria ibaiaren itsasadarrean. Egun osoko egitaraua prestatu dute larunbat honetarako eta, besteak beste, ibaia kayak-ean jaisteko aukera izango da. Izen-ematea zabalik dago begi-bistan.com web orrialdean.

Eguneko jarduera nagusia Oria ibaiaren jaitsiera izango da. Orioko Udalak aditzera eman duenez, bi modalitate egongo dira: kayak-ean eta arraun-surfean.

Lehen kasuan, hiru txanda egingo dituzte, eta Usurbilgo Txokoaldetik behera, ibaian zein ibaiertzean aurkitzen duten zaborra jasoko dute. Hiruzpalau orduko iraupena izango du.

Arraun-surfari dagokionez, Arraun Pote Zero Waste izena jarri diote jarduerari, eta kuadrillan egiteko alternatiba gisa proposatu dute. Orioko Arraunetxetik behera, ordubeteko iraupena izango du irteerak. Hiru txanda aurreikusi dituzte, eta horietan lehenak izaera inklusiboa izango du.

 

Bisita gidatuak

Kirol jarduerez gain, Orio herria eta arraunaren historia ezagutzeko bisita-gidatuak ere egingo dituzte egun horretan, euskaraz eta gaztelaniaz. Hauek dira orio.eus web orrialdean zehaztuta datozen ordutegiak:

• Izan ginelako gara: Turismo-bulegotik abiatuta. 11:00etan euskaraz, eta 12:00etan gaztelaniaz.

• Arraunaren historia: Arraunetxetik abiatuta. 16:00etan euskaraz, eta 17:00etan gaztelaniaz.

Bisitak doakoak izango dira, baina ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea.

 

Tailerrak, erakusketak eta hitzaldiak

Bisita gidatuez gain, bi tailer labur eskainiko dituzte Mundua eraldatzen duten eko-ekintza txikiak izenburupean. Plastikoak sortzen duen arazo larriaren inguruan kontzientzia eragitea du helburu, eta doakoa izango da. 16:30ean eskainiko dute euskarazko saioa, eta 17:00etan gaztelaniazkoa.

Horrez gain, Surfing for Science proiektuaren erakusketa izango da ikusgai egun osoan Herriko Plazan. Eta erakusketari lotuta, proiektuaren aurkezpena eta hitzaldia ere eskainiko dituzte 12:30ean, elebitan.

 

Goiz partean jasotako hondakinekin, erakusketa

Arratsaldean, goizeko irteeretan bildutako hondakinen erakusketa jarriko dute. Orioko Herriko Plazan, 17:00etatik aurrera, eta horren ondoren Pentsatzen dut, beraz, jarduten dut: mundua eraldatzen duten tokiko ekintzak solasaldiaren txanda iritsiko da.

 

Sari banaketa

Egunari amaiera emateko, sari-banaketa ekitaldia egingo dute. Goizeko irteeretan hondakin gehien jaso dituzten kayak-ak sarituko dira, hainbat kategoriatan banatuta.

Informazio gehiago Begi Bistanen web orrialdean aurkituko duzue: begi-bistan.com/eu/