Behoria Garbia Eguna

"Behoria" garbia bizi eta aldarrikatzeko eguna

Noaua Aldizkaria 2023ko urr. 21a, 13:15

Ingurune jasangarriagoaren zaintza eta kirola uztartu dituen jaitsierak egin dituzte goizean Txokoaldetik Oriorantz.

Erriora begira gaur ere. Segidan dituzuen irudiotan ikus daitekeen giro zoragarriarekin esnatu dira Oria eta ibai ertzak larunbat honetan, urriaren 21ean. Gogotik gozatu dute Txokoalden uretan barneratu direnek. Piraguetan dituzue goizeko 10:00etan hasita txanda ezberdinetan Oriorantz abiatu diren hainbat lagun.

Egiteko bikoitza zuten; batetik, errioa txukuntzea, bertan dauden hondakin kopurua murrizten laguntzea, errioa garbitze lanetan ekarpena egitea. Bestetik, bide batez, paraje ezin ederragoez inguraturiko goizpasa bizitzea. 

Denetariko ekimenak
Guztia, gaurko deitua zegoen Behoria Garbia Egunaren baitan. Guztira, ia 80 lagunek parte hartu dute hitzorduan. Ikusten duzuen moduan, Txokoalden ekin diote larunbat honetarako Orioko Udalak eta jaitsieraz arduratu den Begi Bistan enpresak antolaturiko egunari. Orio herria eta arraunaren historia ezagutzeko bisita-gidatuak, Mundua eraldatzen duten eko-ekintza txikiak izeneko tailerrak, Surfing for Science proiektuaren erakusketa edota Pentsatzen dut, beraz, jarduten dut: mundua eraldatzen duten tokiko ekintzak solasaldia antolatu dituzte, ekintza guztiok Orion.

Eguna amaitzeko, goizeko errioko irteeretan hondakin gehien jaso dituzten kayak-ak sarituko dira, hainbat kategoriatan banatuta.