Erroizpe elkarteko kultur asteburuaren ondotik, Txokoargikoa begi bistan

Noaua Aldizkaria 2023ko aza. 7a, 08:46

Argazkia: Erroizpe elkartea.

Auzo elkarteak asteburu pasa antolatu du Txokoargiren egoitzan bertan hilaren 18an eta 19an.

Txokoalden bada mugimendua azkenaldian. Urria amaieran bigarren Akerra Eguna antolatu zuen gaztetxeak auzoko frontoian egin zuten afariarekin. Bertsolariek eta musikariek girotu zuten afalostea. Aurreko asteburuan, Erroizpe elkarteak Kultur Asteburua antolatu zuen; bertso-afaria, toka nahiz mus txapelketak, Jon Ostolaza eta Rakel Pujanarekin erromeria... Bertso-afarikoa da hain zuzen, albiste honi atxikitako argazkia, antolatzaileek helarazitako irudia. 

Hitzorduen zikloa ez da amaitu Txokoalden. Bi asteburu barru, Txokoargi auzo elkartearen txanda izango da. Magia, musika eta ogia egiten ikasteko tailerra antolatu dute hilaren 18 eta 19rako.


Txokoargi auzo elkartekoen ekintzak
Azaroak 18, larunbata
17:00 Asier Kidam magoaren emanaldia.
Zehaztasunak: "Aspertuta zaudela zeure koinatua brokolia goratzen entzuteaz? Faktura eta prezioen igoerak itotzen zaituela? Etxeko txikiekin egiteko ideia dibertigarriak agortu zaizkizula? Hartu ezazu atseden eta zatoz “Smile” ikustera. Ikuskizunak irauten dituen 60 minutuetan zehar zeure arazoak desagertu eta haien lekuan sekulako irribarrea agertuko da".
19:30 Zallek taldearen kontzertua.

Azaroak 19, igandea
10:00-12:00 Ogia egiteko ikastaroa. "Idoiak erakutsiko digu etxean ogia egiten".
Izen-ematea: aurrez, 17:00-19:00 artean 619 591 849 telefono zenbakian.
Prezioa: 10 euro.

Tokia: Txokoargi elkartea.
Antolatzailea: Txokoargi elkartea.