Uholdeak

Oria itsaso Txokoalden, erribera eta sotoetan sartu da

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 27a, 17:54

Goizean erriberetan muturra sartua zuen Oriak Txokoalde parean; eguerditik aurrera, ordea, are gehiago barneratu da, ez soilik baratzetan, baita ertzetik hurbil dauden etxebizitzen sotoetan ere.

Etxeak hain hurbil dituen azken auzunetakoa da Txokoalde Oriarentzat, itsasora bidean. Goitik pilatutako ur-emariari eustea zailago egiten zaion eremuetako bat, beste behin, gaur izandako uholdeetan ikusi ahal izan dugunez. Izan ere, bereziki auzo honetara errioak zekarren ur-emaria irentsi ezinik heldu da Oria eta gogotik zabaldu da erriberetan barrena goizetik eta eguerditik aurrera, hurbilen zituen etxebizitzen sotoetan.

Auzokideak begira ziren, errioak zekarrenari behatzen aritu dira, goizetik Altzonazko zubitik. Zubi honetatik izugarri hazita eta indarrez zetorren ur-emariaz gain, zuhaitz adarrak, egurrak eta hainbat hondakin igaro dira.