"Aginagako tunela eraikitzeko proiektua" ontzat eman du Eusko Jaurlaritzak

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 20a, 11:34

Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak ontzat eman du Txokoaldetik hurbil gauzatuko duten trenbidea bikoizteko nahiz tunela eraikitzeko proiektua. Berriki sail honek lanok esleituko zituela iragarri zuen.

BEZa kontuan izanda, 38.991.268,41 euroko inbertsioa egingo dute Txokoaldetik hurbil, trenbidea bikoiztu eta tunel berri bat eraikitzen. Lanoko 40 hilabeteko epean egin beharko ditu horretaz arduratuko den enpresak. Hortxe, ostiral honetan bertan, apirilaren 19ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez, Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak jakinarazi dituen datuak. "Aginagako tunela eraikitzeko proiektua" ontzat eman duela jakinarazi du ohartarazpen berean, Euskotrenek duela ia hilabete jakinarazi eta berri eman genizuen moduan.

"Proiektuaren xede den zatia Bilbao-Donostia lineako Zarautz-Usurbil tarteko zati bat da. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren helburua trazadura-saihesbide bat bilatzea da, zerbitzuaren Zarautzerainoko maiztasunak hobetzeko, Usurbil eta Zarautz arteko tartearen bidaia-denborak, mantentze-kostuak eta istripu-tasa murrizteko eta, azken batean, trenbide bitarteko garraio jasangarria indartzeko", diote Eusko Jaurlaritzatik.

Egitasmo honekin, "Oria Itsasadarra ES2120010 KBEaren eremuan dagoen mendia inguratu beharra saihestu nahi da, Usurbil eta Orio arteko egungo trenbide bakarreko tartean bidaia-denborak nabarmen murrizteko. Gaur egun ibilbide hori egiteko 9 minutu behar dira, eta 7 minututik behera murriztu nahi da. Horrela, ustiapena 15 minutuz behingo maiztasunarekin eskaini ahal izango da Zarautzeraino, eta bidaiarientzako erosotasun- eta segurtasun-baldintza hobeak izango ditu, azpiegituran eta mantentze-lanetan ahalik eta eragin gutxien sortuz eta denborak ahalik eta gehien murriztuz". 

Euskotrenek duela ia hilabete jakinarazi zuen moduan, "lizitaziorako lanak, funtsean, 1.329 metroko luzerako trenbide bikoitzeko meategi-tunel bat eraikitzean oinarrituko dira. Bi muturretan tunel faltsuko egiturak proiektatu dira, obra ingurunean integratzeko. Bilbo aldean 24 metroko luzera izango duen soluzioa diseinatu da, eta beste aldean, Donostiakoan, 30 metro izango ditu. Tunelak 371 metro luzeko larrialdietarako galeria bat ere izango du".

Lan hauen eraginez, Euskotrenetik ziurtatu dutenez, "trenbidearen trazadura berriak 1.500 metro inguru murriztuko du ibilbidea, eta 2 minutu murriztuko du Aia-Orio eta Usurbil geltokien arteko bidaiarako denbora. Tunel osoan trenbidea bikoiztuko denez, bidaiarien eta salgaien unitateak gurutzatu ahal izango dira. Baldintza horiekin, trenbidearen zerbitzu-ahalmena handitu egingo da, eta, beraz, gaur egun 30 minuturo zirkulatzen duten ibilgailuek 15 minuturo zirkulatu ahal izango dute".

Aurrekariak
Proiektu hau ez da gaurkoa, hilabeteotan Usurbilgo Udalak oroitarazi duen moduan. Eusko Jaurlaritzak berretsi duenez, "2009ko maiatzaren 7an, Garraio Azpiegituraren zuzendariak «Aginagako tunela eraikitzeko proiektua» onartu zuen". 2017ko uztailean, "proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterlana eguneratu zen, jendaurrean jarri ahal izateko". Proiektua onartu eta hamar urte beranduago, 2019an, jatorrizko egitasmoa "eguneratzeko ingeniaritza zerbitzua hasi zen".  2021eko urrian, proiektu eguneratua eta haren ingurumen-inpaktuaren azterlana jendaurrean jarri zituzten.   

2022an, lehenbizi, "ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren eskaera bidali zion Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitate eta Ekonomia Zirkular Zuzendaritzari". Bigarrenik, "Kostaldeko eta Itsasoko Zuzendaritza Nagusiak aurkeztutako alegazioaren eta alegazio-egilearekin izandako elkarrizketen arabera, eta APAJL izenekoaren 90. artikuluan xedatutakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegitura Zuzendaritzak Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitate eta Ekonomia Zirkular Zuzendaritzara bidali zuen Aginagako tunela eraikitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena atzera botatzeko eskaera".

Urte hasiera honetan, "Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitate eta Ekonomia Zirkularraren Sailak Aginagako tunelaren EParen gaineko Ingurumen-inpaktuaren Adierazpena egorri zuen. Aurrekari horiekin, Eraikuntza Proiektuaren eguneratze berri bat idatzi zen. Eguneratze horrek, IIAk deskribatutako baldintzak, oharrak, neurri zuzentzaileak eta babes-neurriak jasotzen ditu, bai eta Aginaga parean trenbidearen bide bikoitzeko tunela egiteko obrak behar bezala definitzeko beharrezkoak diren jarduketak ere".

Hortik dator, Eusko Jaurlaritzak lerrootako proiektuari emandako onespena. "Eraikuntza proiektu hau onartzeak berekin dakar obrak onura publikokoak edo interes sozialekoak direla deklaratzea, okupatzeko beharra adieraztea eta dagokion eraikuntza proiektuaren beraren eranskinean zerrendatuta dauden erasandako ondasunak eta eskubideak lehenbailehen okupatu behar direla adieraztea".

Ebazpen hau, halere, "ez da behin betikoa administrazio-bidean, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Azpiegitura eta Garraioen sailburuordeari, hilabeteko epean".




Hitzarmena sinatua
Lanen esleipenaz gain, Usurbilgo Udalarekin adosturiko lankidetza-hitzarmenari buruz ere mintzatu zen Euskal Trenbide Sarea duelaia hilabete. Sinatu dutela aditzera eman zuen eta Udalak aurreratu moduan, Txokoaldeko bizilagunekin batera landutako alegazioetako bat bideratuko dutela berri eman zuen; auzo hau eta Aginaga Oria gainetik lotzen dituen Altzonazko zubiaren birgaitzea hain zuzen. "Igarobidea 60 urte baino gehiago dituzten harlangaitzezko zutabeek eta lauza motako hormigoizko habeek osatzen dute. Hartutako soluzioa egungo taularen zeharkako sekzioa handitzean oinarrituko da, trenbideak 3,80 metroko zabalera izan dezan, eta espaloiak 2 metrokoa, galtzadaren eta oinezkoentzako gunearen arteko elementu bereizleekin", azaldu zuten ETS-tik.

Ez zuen zehaztu lanok noiz hasiko diren. Ondorioz, hitzarmen hau onartzeko otsailaren 29an egindako osoko bilkuran udal gobernu taldetik azaldu zuten moduan, obra hauen eragozpenei aurre egiteko beharrezko planifikazioa bideratzea zailtzen du horrek.


Geltokiari ezetz
Proiektu hau ontzeko eskaera gehiago ere eginak zituzten Udalak eta Txokoaldeko bizilagunek, bi helbururekin hain zuzen; obrek ingurumenean eta txokoaldetarren egunerokoan izango duten eragina gutxitzeko. Aurkezturiko alegazioak honako hauek izan ziren: Txokoaldeko sarrera-irteerak hobetzea, Oria zeharkatzen duen Altzonazko zubia konpontzea, tren pasabidea ezabatzea, obrarako bide alternatiboa eta etorkizunerako bidegorria eraikitzea, Txokoaldeko tren geltokia berreskuratzea eta lan guztiok izango duten eragina murriztea galdegin zuten. Ekarpenok aintzat hartzea eskatu zioten Eusko Trenbide Sareari.

Trenbide pasagunea ezabatzeari kentzeari dagokionean, horretarako aukera teknikoak aztertzeko konpromisoa zehaztua dago hitzarmen horretan. Urtebeteko epean, "trenbidea beste maila batean gurutzatu ahal izateko" aukerak aztertzeko Udalak eta ETS-k lan-batzorde teknikoa eratuko dutela gaineratu zuen.

Udal gobernu taldearentzat, halere, ez dira aski konpromisook. ETS-k aintzakotzat hartzea lortu ez duten eskaeren artean da, Txokoaldeko tren geltokia berreskuratzea. "Azken unera arte borrokatu dugu. Gaurkoz, ordea, tamalez, ez diote bide eman", alkateak otsailaren 29ko osoko bilkuran berri eman zuenez.

ETS-tik arrazoiak aipatu zizkietela adierazi zuen alkateak; erabiltzaileak, trenbidea berritu beharra eta tren zerbitzuen maiztasuna indartzeko geltokia berreskuratzeak ekar dezakeen denbora galera. Horren aurrean, alternatibak proposatu zizkietela adierazi zuen alkateak: tren zerbitzu guztiak Txokoalden ez geratzea, "premia handieneko orduetan" baizik; denbora galerarik ez izateko, zenbait uneetan trena Usurbilen geratu ordez, Txokoalden geratzea; edota Usurbilgo geltokia eta Txokoalde zein Aginaga aldea lotuko dituen autobus zerbitzua ezartzea ordu zehatzetan. 

Eskaera hauei ezezkoa emateaz gain, udal gobernu taldetik osoko bilkuran azaldu zutenez, hitzarmena ez sinatzeko arriskuan izan zirenez, geltokia berreskuratzeko eskaera bertan ez jasotzea adostu zuten, baina ohartarazi dutenez, "eskaera hori bultzatzen jarraituko" dute.