Aginagako tunela eraiki aurretik Txokoaldeko zubia birgaituko dute

Noaua Aldizkaria 2024ko ira. 5a, 15:49

Euskal Trenbide Sareak eta Udalak sinatua duten hitzarmenaren baitan, Aginagan trenbidea bikoizteko lanei ekin aurretik Txokoaldeko zubia birgaituko dutela gogorarazi du gaur ETS-k aipatu obra horiek esleitu dituela berri ematearekin batera.

Euskal Trenbide Sareak ostegun honetan, irailaren 5ean esleitu ditu Aginagan trenbidea bikoiztu eta tunela eraikitzeko lanak 30,6 milioi euroren truke. 40 hilabeteko epealdian amaitu beharko dituzte lanok gauzatzeaz arduratuko diren Construcciones Moyua, Jaizubia eta Geotúnel enpresek. 

Obra hauei ekin aurretik, ordea, ETS-k iragarri duenez, lehenbizi Txokoaldeko egungo zubia birgaituko dute. "Igarobidea 60 urte baino gehiago dituzten harlangaitzezko zutabeek eta lauza motako hormigoizko habeek osatzen dute. Hartutako soluzioa egungo taularen zeharkako sekzioa handitzean oinarrituko da, trenbideak 3,80 metroko zabalera izan dezan, eta espaloiak 2 metrokoa, galtzadaren eta oinezkoentzako gunearen arteko elementu bereizleekin".


Aurreko urratsa
Birgaitze lan hauek ETS-k berak eta Usurbilgo Udalak sinatua duten hitzarmenean kokatu beharrak daude. Zubi honen konponketa eta berritze lanei begira, urrats berri eman zuen udalbatzak iragan uztailaren 24an eginiko osoko bilkuran; "Usurbilgo udalerrian Txokoaldeko Altzonaz zubia legeztatzeko eta birgaitzeko itsas-lehorreko jabari publikoa okupatzeko emakidaren baldintza orokorren plegua (PCG) zein baldintza partikularren eta preskripzioen plegua (PCPP)" onartu zituen aho batez. 

Pauso hau Usurbilgo Udalak eta Euskal Trenbide Sareak (ETS) sinatua duten hitzarmenaren testuinguruan kokatu beharra dago. Hain zuzen, akordio hau "Aginagako tunelaren obrak Txokoaldeko auzoan izango dituen eraginak murrizteko neurriak hartzeko" erdietsi zuten.

Berreraikitako zubia
1953an izandako uholdeek Txokoaldeko orduko zubia hondatu ostean, konpondu eta handitu zuten. Horixe da egungo zubia. "Zubi berria, Oria ibai gaineko zatian lau harri-habek eusten dute, eta Aginagako partean erriberaren gaineko zatian beste hiruk. Berreraikitze lanak egin zirenean zubia erribera gainean luzatu zen ur goraldietan zubia oztopo izan ez zedin", Usurbilgo Udalaren hitzetan.

Lehenago gertatu moduan, gerora ere sendotzen joandako zubia izan da Txokoaldekoa. Orain, birgaitu eta handitu egingo dute. Hauxe da hain zuzen, trenbidea bikoizteko eta tunel berria eraikitzeko lanen eraginpean izango diren txokoaldetarren eta Usurbilgo Udalaren eskakizunetako bat ETS-ri egin ziotena bere garaian. Jada Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak ontzat eman duen proiektu hau ontzeko hainbat proposamen aurkeztu zituzten bizilagunek eta udalak 2022. urte amaieran.

Ekarpen guztiei baiezkorik ez
Eskakizunetako bat hain zuzen, zubia bera konpontzea izan zen. Eskabide honi bide emango diote. "Igarobidea 60 urte baino gehiago dituzten harlangaitzezko zutabeek eta lauza motako hormigoizko habeek osatzen dute. Hartutako soluzioa egungo taularen zeharkako sekzioa handitzean oinarrituko da, trenbideak 3,80 metroko zabalera izan dezan, eta espaloiak 2 metrokoa, galtzadaren eta oinezkoentzako gunearen arteko elementu bereizleekin", azaldu zuten ETS-tik.

Proiektu hau ontzeko eskaera gehiago ere eginak zituzten Udalak eta Txokoaldeko bizilagunek, bi helbururekin hain zuzen; obrek ingurumenean eta txokoaldetarren egunerokoan izango duten eragina gutxitzeko. Aurkezturiko alegazioak honako hauek izan ziren: Txokoaldeko sarrera-irteerak hobetzea, Oria zeharkatzen duen Altzonazko zubia konpontzea, tren pasabidea ezabatzea, obrarako bide alternatiboa eta etorkizunerako bidegorria eraikitzea, Txokoaldeko tren geltokia berreskuratzea eta lan guztiok izango duten eragina murriztea galdegin zuten. Ekarpenok aintzat hartzea eskatu zioten Eusko Trenbide Sareari.

Trenbide pasagunea ezabatzeari kentzeari dagokionean, horretarako aukera teknikoak aztertzeko konpromisoa zehaztua dago hitzarmen horretan. Urtebeteko epean, "trenbidea beste maila batean gurutzatu ahal izateko" aukerak aztertzeko Udalak eta ETS-k lan-batzorde teknikoa eratuko dutela gaineratu zuen.

Udal gobernu taldearentzat, halere, ez dira aski konpromisook. ETS-k aintzakotzat hartzea lortu ez duten eskaeren artean da, Txokoaldeko tren geltokia berreskuratzea. "Azken unera arte borrokatu dugu. Gaurkoz, ordea, tamalez, ez diote bide eman", Usurbilgo alkateak otsailaren 29ko osoko bilkuran berri eman zuenez.

ETS-tik arrazoiak aipatu zizkietela adierazi zuen alkateak; erabiltzaileak, trenbidea berritu beharra eta tren zerbitzuen maiztasuna indartzeko geltokia berreskuratzeak ekar dezakeen denbora galera. Horren aurrean, alternatibak proposatu zizkietela adierazi zuen alkateak: tren zerbitzu guztiak Txokoalden ez geratzea, "premia handieneko orduetan" baizik; denbora galerarik ez izateko, zenbait uneetan trena Usurbilen geratu ordez, Txokoalden geratzea; edota Usurbilgo geltokia eta Txokoalde zein Aginaga aldea lotuko dituen autobus zerbitzua ezartzea ordu zehatzetan. 

Eskaera hauei ezezkoa emateaz gain, udal gobernu taldetik osoko bilkuran azaldu zutenez, hitzarmena ez sinatzeko arriskuan izan zirenez, geltokia berreskuratzeko eskaera bertan ez jasotzea adostu zuten, baina ohartarazi dutenez, "eskaera hori bultzatzen jarraituko" dute.