Oraindik ez dago argi noiz hasiko dituzten lanak, baina une hori hurbiltzen ari den honetan, azken urteotako lankidetzari segida emateko urrats berriak ematen ari dira Txokoalden, Udala eta bertako bizilagunak. Gogoan izan, Aginagako trenbidea bikoiztu eta tunela eraikiko dute. Lanok esleitu dituela jakinarazi zuen Euskal Trenbide Sareak irailaren 5ean.
Lanok bideratu aurretik ordea, ETS-k eta Usurbilgo Udalak adostua duten hitzarmenaren baitan, Txokoaldeko zubia birgaitu beharko dute. Lanok ahalik eta eragin txikiena izateko bi deialdi plazaratu ditu Udalak egunotan; batetik, albiste honi atxikitako irudietan duzuen bilkura, astearte honetan Txokoargi auzo elkartearen egoitzan egin dutena. Horrekin batera, galdetegi bat ere martxan jartzekoak dira. Udalak egunotan auzoan etxez etxe banatuko duen inkesta bat da. Inkesta horren erantzunak irailaren 25era arte utzi ahalko dira Erroizpen edota Txokoargin jarriko dituzten postontzietan.
Zubia ia erabat eraitsiko dute
Gogoan izan, zubia berritzeko lanen bidez, "zutabeak izan ezik, zubia erabat eraitsiko dute, eta horrek ezinbestean baldintzatuko ditu auzotarren eguneroko joan-etorriak", ohartarazia du Udalak.
Zubia birgaitu ostean, "oinezko, txirrindulari zein ibilgailu motordunentzat baliogarria izango da, eta 30cm igoko dute. Aurreikuspenen arabera, zazpi hilabete beharko dituzte horretarako", Udalaren esanetan.
Ez dago argi noiz
Altzonazko zubia berritu eta gero, ekingo diete trenbidea bikoiztu eta tunela eraikitzeko lanei. ETS-k lanak esleitu dizkiote "Construcciones Moyua, Jaizubia eta Geotúnel enpresek osatutako Aldi Baterako Enpresa Elkarteari (ABEE)" 30,6 milioi eurotan, BEZ-az aparte. Lan hauek gauzatzeko 40 hilabeteko epealdia izango du enpresa talde honek. "Trenbide bikoitzean 1.329 metro luze izango den tunel bat eraikitzeak egungo ibilbidea laburtuko du eta Zarautz eta Donostia arteko maiztasunak bikoiztea ahalbidetuko du". Trazadura berriak kilometro eta erdi inguru laburtuko du egun, hein handi batean Oria ertzetik egiten duen bidea.
Oraindik ez dago argi lan horiek zehazki noiz abiatuko dituzten. Aurrez, ordea, ETS-k eta Usurbilgo Udalak sinatua duten hitzarmenaren testuinguruan, Txokoaldeko zubia birgaitu beharko dute.