Oreka Tx taldeak bere entsegu txokoan hartu ditu hurbildu diren ehun bat herritar Txalaparta Festaren baitan. Taldeak Txokoalden dauka Txalaparta Txokoa, musika egiteko materiala eta gainontzekoa. Saio berezia eskaini dute, Euskal Herriko eta guretik kanpoko doinuak ekarrit, valsa esaterako.
Materialei erreparatuta ere, keinu bereziak egin dizkiete ibilbide honetan ezagutu dituzten pertsona eta kulturei. Kaledonia Berrian banbuak erabilita musika instrumentu eta doinuak sortzen dituzte bertakoek, eta horri keinu egiteko, banbuzko makilekin jo dute txalaparta abesti batean. Elkarlanean sortutako proiektuak ere erakutsi dituzte, Izarorekin egindakoa, adibidez. Ordubeteko saioa eskaini dute, txalaparta jo eta instrumentuaz zein taldeak bere ibilbidean aurkitutako berezitasunak erakutsi dituzte ahoz zein irudiz.
Behin kontzertua amaituta, mokadutxo bat hartzeko aukera izan dute bertaratutakoek lokalaren kanpoan eta ondoren, txikiek txalaparta jotzen saiatzeko aukera izan dute, bai eta helduren batek edo bestek ere.