Aginagako trenbide bikoizketaren eta tunel berriaren eraikuntza proiektuaren harira, Usurbilgo Udalak eta Euskal Trenbide Sareak (ETS) erdietsia duten hitzarmenaren testuinguruan kokatua dago Txokoaldeko zubiaren konponketa lana.
Txokoaldeko Altzonazko zubiaren konponketa lanak gauzatzeko urrats berri bat eman zuen udalbatzak, iragan uztailaren 24ko osoko bilkuran. Izan ere, obra horiei begira, "Usurbilgo udalerrian Txokoaldeko Altzonaz zubia legeztatzeko eta birgaitzeko itsas-lehorreko jabari publikoa okupatzeko emakidaren baldintza orokorren plegua (PCG) zein baldintza partikularren eta preskripzioen plegua (PCPP)" onartu zituen aho batez.
Aldiz, ebazpen hau berriz bozkatu eta onartzea eskatu zaio Udalari. "Obrak ezin hasi kontzesio hau eman arte", alkateak azaroaren 28ko osoko bilkuran gogorarazi zuenez. Horregatik, udalbatzak berriz onartu zuen aho batez aipatu uztaileko erabaki hura.