Aginagako tunela eta Txokoaldeko zubia eraikiko dituen enpresak ezarri du eguna. Ekainaren 2an hasiko dituzte lanak eta horren ondorioz, Txokoaldeko zubia itxita egongo da hainbat hilabetez. Lan hauei esker, ETS Eusko Trenbide Sareak trenaren maiztasuna bikoiztu egingo du eta Txokoaldeko zubia birgaitu egingo da.
Altzonazko zubia da Txokoalderako joan-etorrien bide nagusia, eta berritzeko obrek bete-betean eragingo dute auzotarren egunerokoan. Udalak aditzera eman duenez, "gaia azaleratu zenetik, hartu-eman etengabean izan da udala auzotarrekin". Ildo horretan, egoera berriaren inguruko argibideak emateko bilera berri bat deitu dute: maiatzaren 5ean astelehena elkartuko dira, 19:00etan, Txokoargin.
Zazpi hilabetez itxiko dute zubia
Aginagako tunela eta Txokoaldeko zubia. Paraleloan egingo dira bi lanak. Zubiari dagokionez, egin beharreko lanak hauek izango dira. Egungo zutabeak mantendu egingo dituzte baina gainontzekoa erabat botako dute: 30 zm igoko dute zubia, eta hiru mugikortasun motarentzako baliogarria izango da (oinezkoak, bizikletak eta ibilgailu motordunak).
Aurreikuspenen arabera, zazpi hilabeteko epean amaituko dituzte lanak. Bitarte horretan, ezinbestean, aldaketak izango dira trafikoan: udalak eragin hori apaltzeko neurriak zehazteko konpromisoa hartu zuen, eta galdetegi bat osatu zuen auzotarren eguneroko mugikortasun beharrak ezagutzeko. Horiek aztertuta eta zubia itxiko den eguna jakinda, trafikoa nola bideratuko den eta hartuko diren bestelako neurriez hitz egiteko bilerara deitu ditu auzotarrak.
Txokoaldeko zubia birgaitu eta sendotzeko obren ardura ETS-rena da, osorik: bere gain hartu zuen proiektua idatzi, lizitatu zein gauzatzeko ardura. Finantzaketa osoa (1.432.416 euro, BEZ barne) bere gain hartu zuen, balizko igoera ekonomikoei aurre egitea barne, 300.000 euro salbu: horiek udalak jarriko ditu, hiru urtetan banatuta.
Aginagako tuneleko obrek iraun bitartean, ETS arduratuko da zubiaren mantenu osoaz; horiek amaitutakoan, udalak hartuko du ardura hori.