Aurrez iragarri moduan, astelehen arratsaldean bilera egin zuten Txokoargi Txokoaldeko auzo elkartearen egoitzan. Izan ere, ekainaren 2an auzoa Oria gainetik inguruarekin lotzen duen zubia itxi egingo dute birgaitu beharra dutelako. Lanek gutxienez zazpi bat hilabete iraungo dutela esana du Eusko Trenbide Sareak (ETS).
Zubia ixteak auzoko komunikazio bide nagusia etengo da eta horrekin zeharo aldatuko da bertakoen eguneroko mugikortasun modua. Honenbestez, egoera horretarako alternatibak eta hartutako neurriak zeintzuk izango diren azaldu zizkieten udal gobernu taldeko kideek, astelehen arratsaldean auzokideekin eginiko aipatu bileran. Gutun bana ere helaraztekoa da udala zonaldeko bizilagunei. Antolaketa lan hauetan aritu da Udala azkenaldian. "Txokoaldera sartu eta irteteko ibilbide zirkularra ahalbidetuko da, zubiko obrak egin bitartean", berri eman dute udal gobernu taldetik.
Norabide bakarrekoa tarte handienean
Ibilbide zirkular horren nondik norakoak azaldu ditu Udalak. Ia erabat norabide bakarrekoa izango da, "bide askotan ez baitago bi ibilgailu gurutzatzeko adinako lekurik. San Estebango bidegurutzean, bi aldeetara, lehenengo metroak izango dira salbuespena, bertako bizilagunen joan-etorria errazteko".
Hala, "Santuenetik San Estebango bidegurutzera igo, eta eskuinera hartu beharko da: erriberaren erdialdera jaitsi eta handik Txokoaldera joan ahal izango da. Txokoaldetik irteteko, berriz, Txokoargi ondotik gora igo beharko da San Estebanera, lehenengo, eta Santuenera jaitsi, gero. Ibilgailuen trafikoa erriberatik bideratuko denez, Berritza inguruko bidegurutzetik aurrera ez da oinezkoentzako biderik ahalbidetuko".
Zubiaren itxierak, gainera, zenbait zerbitzu egokitu beharra eragingo du, tartean, Usurbilgo herri eta auzoak lotzen ditue Bidez Bide zerbitzua. "Bi aldaketa izango ditu. Batetik, ibilbidea egokituko da, eta, horrek, ezinbestean bigarren aldaketa eragingo du, alegia, ordutegiena. Udalak, horrez gain, taxi zerbitzua ere eskainiko du, ordutegi jakin batekin. Haurren eskoletarako joan-etorriak bi zerbitzu horien bidez bermatuko dira".
Udaletik ohartarazi dutenez, "Bidez Bide eta taxi zerbitzuen ordutegiak jarriko dira geltokietan".
Zazpi hilabetez
Gogoan izan, Txokoaldeko zubia berritzeko lanak eta trenbidea bikoizteko inguru horretako obrak ere aldi berean egingo dira.
Zubiari dagokionez, egin beharreko lanak hauek izango dira. Egungo zutabeak mantendu egingo dituzte baina gainontzekoa erabat botako dute: 30 zm igoko dute zubia, eta hiru mugikortasun motarentzako baliogarria izango da (oinezkoak, bizikletak eta ibilgailu motordunak).
Aurreikuspenen arabera, zazpi hilabeteko epean amaituko dituzte lanak. Bitarte horretan, ezinbestean, aldaketak izango dira trafikoan: udalak eragin hori apaltzeko neurriak zehazteko konpromisoa hartu zuen, eta galdetegi bat osatu zuen auzotarren eguneroko mugikortasun beharrak ezagutzeko. Horiek aztertuta eta zubia itxiko den eguna jakinda, trafikoa nola bideratuko den eta hartuko diren bestelako neurriez hitz egiteko bilerara deitu ditu auzotarrak.
Txokoaldeko zubia birgaitu eta sendotzeko obren ardura ETS-rena da, osorik: bere gain hartu zuen proiektua idatzi, lizitatu zein gauzatzeko ardura. Finantzaketa osoa (1.432.416 euro, BEZ barne) bere gain hartu zuen, balizko igoera ekonomikoei aurre egitea barne, 300.000 euro salbu: horiek udalak jarriko ditu, hiru urtetan banatuta.
Aginagako tuneleko obrek iraun bitartean, ETS arduratuko da zubiaren mantenu osoaz; horiek amaitutakoan, udalak hartuko du ardura hori.