Zuloak estaltzen, erriberako bidean

Noaua Aldizkaria 2025eko abenduaren 9a

Argazkia: Usurbilgo Udala.

Txokoaldeko Altzonazko zubia konpontzeko lanak tarteko, kaltetua dagoen erriberako bidea konpontzen hasi da Usurbilgo Udala.

Hirigintza lanei lotutako oharra segidan. Izan ere, Usurbilgo Udalak jakinarazi duenez, erriberako bidea konpontzen hasi dira egunotan. Txokoaldeko Altzonazko zubiaren berritze lanak direla eta, gogoan izan, auzorako sarbide nagusia erabiltzeko moduan ez dagoenez ekainaren 2az geroztik, erriberako bidea da orain, komunikazio bide nagusia. Ibilbide zirkularra egiten dute bertatik ibilgailuek Txokoalderantz eta Urdaiagatik barrena Santuenea aldera gero. "Kamioien joan-etorriak tarteko, azken asteotan nabarmen kaskartu da" bide hori, Udaletik aditzera eman dutenez.

Zuloak sortu dira bide horretan. "Udalak zenbatutakoen arabera, 19 puntutan egin behar dira konponketak. Horietatik lau konpondu zituen udalak ostiralean, behin-behinean, beharra larria zela iritzita".

Txokoaldeko zubiko berritze lanak amaitu ostean, "abiatu asmo ditu udalak behin betiko konponketak. ETS Euskal Trenbide Sareak udalari jakinarazi dionez, zubia abenduaren 19an irekitzea aurreikusten du, lanak amaitu gabe izango bada ere: seinaleztapenak jarri eta margotzea faltako da, besteak beste. Zirkulaziorako irekita izango bada ere, beraz, kontuz igarotzea aholkatzen da".