Ekaina hasieratik itxita egon da Txokoalderako sarbide nagusia; Oria gainetik zeharkatzen duen Altzonazko zubi historikoa. Berritze lanetan izan dute, eta orain, partzialki irekitzera doazela jakinarazi du Usurbilgo Udalak. Irekiera partziarl hori etzi izango da, ostiral honetan, abenduaren 19an, arratsaldeko 15:00etan, "oinezkoentzat eta bizikletentzat soilik, ETS Euskal Trenbide Sareak udalari jakinarazi berri dionez".
Udaletik azaldu dutenez, "amaitzea espero zuten zenbait lan ez dituzte guztiz amaitu, eta, beraz, berme guztiak izan arte motordun trafikoarentzat ez irekitzea erabaki dute. Egunik zehaztu ez badu ere, zubia urtarril amaieran irekitzea espero du ETSk, beraz, ibilgailuek joan-etorriak ibilbide zirkularretik egiten jarraitu beharko dute ordura arte".
Aipatu moduan, ekainaren 2an itxi zuten Txokoaldeko zubia berritze lanetarako. Garai hartan, "Txokoaldera sartzeko bide nagusia hori izanik, udalak hiru neurri hartu zituen auzotarren joan-etorriak bermatzeko: ibilgailuentzako ibilbide zirkularra ahalbidetzea, Bidez Bide zerbitzuaren ibilbidea eta ordutegia egokitzea eta taxi zerbitzua jartzea. Zubia oinezkoentzat irekita, garraio publikorako sarbidea bermatuta izango denez, taxi zerbitzua eten egingo da larunbatean; ostirala izango da zerbitzua emango duen azken eguna. Ibilbide zirkularrak indarrean jarraituko du, baita Bidez Bide zerbitzuaren egokitzapenek ere".