Zabalagoa, espaloiarekin... Itxura berritua du Txokoaldeko Altzonazko zubiak. Ekainaren 2az geroztik itxita egon den zeharbidea ireki dute sei hilabete eta erdi geroago, baina partzialki. Gaurtik, bertatik joan-etorrian ibili ahalko direnak oinezkoak edota txirrindulariak izango dira; ez, ordea, ibilgailuak eta txirrindulariek bizikletatik jaitsita zeharkatu ahalko dute zubi eraberritua. Zubiaren irekiera partziala izango dela jakinarazia dio Euskal Trenbide Sareak (ETS) Usurbilgo Udalari.
Udalak berak egunotan azaldu moduan, "amaitzea espero zuten zenbait lan ez dituzte guztiz amaitu, eta, beraz, berme guztiak izan arte motordun trafikoarentzat ez irekitzea erabaki dute". Ibilgailuak bertatik ibiltzeko aukera urtarrila amaiera aldetik aurrera izatea aurreikusia dute. Ordura arte, "beraz, ibilgailuek joan-etorriak ibilbide zirkularretik egiten jarraitu beharko dute". Alegia, Santueneatik Urdaiagara igotzeko bidegurutzetik behera erriberatik barrena sartzen segi beharko da Txokoaldera eta handik irteteko San Estebanera igo eta Santueneara jaitsi beharko da.
Aipatu moduan, ekainaren 2an itxi zuten Txokoaldeko zubia berritze lanetarako. Garai hartan, "Txokoaldera sartzeko bide nagusia hori izanik, udalak hiru neurri hartu zituen auzotarren joan-etorriak bermatzeko: ibilgailuentzako ibilbide zirkularra ahalbidetzea, Bidez Bide zerbitzuaren ibilbidea eta ordutegia egokitzea eta taxi zerbitzua jartzea. Zubia oinezkoentzat irekita, garraio publikorako sarbidea bermatuta izango denez, taxi zerbitzua eten egingo da larunbatean; ostirala izango da zerbitzua emango duen azken eguna. Ibilbide zirkularrak indarrean jarraituko du, baita Bidez Bide zerbitzuaren egokitzapenek ere".