Erabat irekiko dute gaur Txokoaldeko zubia

Noaua Aldizkaria 2026ko otsailaren 6a

Txokoaldeko zubia abenduaren 18an partzialki zabaldu zutenean ateratako argazkia.

Sei hilabetez berritze lanetarako itxita izan eta abenduan partzialki ireki ostean, ostiral honetan, otsailaren 6an erabat zabalduko dute Txokoaldeko zubia.

Heldu da irekiera eguna eta horrekin, mugikortasunari dagokionean, ohikotasunera itzuliko da Txokoalde ingurua. Izan ere, Eusko Trenbide Sareak (ETS) Usurbilgo Udalari jakinarazi dionez, ostiral honetan, otsailaren 6an, arratsaldeko 18:00etan trafikoarentzat irekiko dute Txokoaldeko Altzonazko zubi eraberritua, birgaitze lanak erabat amaitu ostean.

Gogoan izan, iazko ekainaren 2an itxi zuten Txokoaldera sartu edota bertatik irten eta Oria zeharkatzeko komunikazio bide hau. Abenduaren 19an partzialki ireki zuten oinezkoentzat edota txirrindularientzat. Txirrindulariek bizikletatik jaitsi eta oinez zeharka zezaketen gaur arte zubi hori.

Udalak berak duela ia bi hilabeteko irekiera partzial haren harira berri eman zuenez, "amaitzea espero zuten zenbait lan ez dituzte guztiz amaitu, eta, beraz, berme guztiak izan arte motordun trafikoarentzat ez irekitzea erabaki dute".

Egokitzapenak
Trafikoarentzat irekitzea asteotarako espero zuten. Ekainaren 2az geroztik egin bezalaxe, ibilbide zirkularra osatu behar izan dute ibilgailuek Txokoaldera heldu edota handik irteteko. San Esteban alderako igoeran erriberara jaitsi beharra zegoen Txokoaldera Oria ondotik heltzeko. Auzotik ateratzeko, aldiz, San Estebanera igo beharra zegoen, gero, handik, Santueneara jaisteko.

Txokoaldeko zubia gaur erabat irekitzearekin batera, ibilbide zirkular hori desagertuko da, beraz. Gogoan izan,  ekainaren 2an itxi zuten Txokoaldeko zubia berritze lanetarako. Garai hartan, "Txokoaldera sartzeko bide nagusia hori izanik, udalak hiru neurri hartu zituen auzotarren joan-etorriak bermatzeko: ibilgailuentzako ibilbide zirkularra ahalbidetzea, Bidez Bide zerbitzuaren ibilbidea eta ordutegia egokitzea eta taxi zerbitzua jartzea".

Zubia abenduaren 19an oinezkoentzat ireki ostean, "garraio publikorako sarbidea bermatuta izango denez, taxi zerbitzua" eten egin zuten, baina aipatu moduan, "ibilbide zirkularrak indarrean" segi du baita "Bidez Bide zerbitzuaren egokitzapenek ere" orain arte.